Berdintasun plana egokitu, eta formakuntza tailerrak egin dituzte Busturian
Busturiko Udalean indarrean zegoen berdintasun plana herrira egokitu, eta formakuntza tailerrak egin dituzte.
Busturiko zinegotzi Naiara Ruizek azaldu duenez, udalera sartu zirenean ez zekiten berdintasun planik zegoenik. «Berdintasunaren arloan eginda zegoena ikusten hasi ginenean aurkitu genuen plana».
Hala ere, indarrean dagoen berdintasun plana abendura artekoa dela esan du Ruizek. Dioenez, aztertzen ari dira dagoen plana berrikusiko duten ala berri bat garatuko duten.
Gehilanen laguntza dauka Busturiko Udalak berdintasun planerako. «Gehilanetik esan digute gazteekin herriko puntu beltzak aztertzen saiatu izan direla, baina egindako deialdietara inor ez zela agertu», esan du Busturiko zinegotziak. Horregatik, plana egokitu eta formakuntza eskaintzea erabaki zuten.
Modu horretan, esaterako, udal langileek izendegi ez sexistari buruzko formakuntza jaso dutela dio Ruizek, «udaletik ateratzen diren txostenetan eta webgunean izendegia zaintzeko». Politikariek ere tailer berbera jaso dutela jakinarazi du.
Herriko adinekoei eta mendekotasuna duten pertsonak zaintzeaz arduratzen direnei zuzendutako beste tailer bat ere egin dute. Eta herriko eskolan, berriz, ikasleei zein familiei begira, hezkidetza tailer bat egin dute.
Azkenik, herritar guztiei zabalik egon den beste ikastaro bat ere egin dutela dio Busturiko zinegotziak: «Batez ere, gazteen parte hartzea bilatu nahi genuen. Horretan, jaietan izaten diren erasoen inguruan aritu ziren, besteren artean».
Aurreikusita dagoena
Tailer horien guztien aurrean, herritarrek «oso ondo» erantzun dutela jakinarazi du zinegotziak. Hori dela eta, 2017an lanean jarraitu gura dute. Ruizek azaldu duenez, herriko puntu beltzak aztertzen saiatuko dira berriro ere. Autodefentsa feministaren inguruko ikastaro bat ere antolatu gura dute, informazioa bilatzen ari direla nabarmenduta.
Bestalde, tailerrekin eta hitzaldiekin jarraitzeko asmoa agertu du Ruizek: «Sare sozialetan gertatzen diren erasoei buruzko tailerren bat ematea izango litzateke asmoa». Herriko elkarteengandik ideiak jasotzea ere ona litzatekeela esan du.