Zesta-puntako Elola memorialaren finalak jokatuko dira gaur, Tolosan
Lea-Artibai eta Mutrikuko neskek eta gazte mailako mutilek lehiatuko dituzte finalak. Partidak zuzenean jarraitu ahal izango dira, Internet bidezLea-Artibai eta Mutrikuko puntistek Xistera Zirkuituko Elola Memorialaren finalak jokatuko dituzte gaur, 11...
Lea-Artibai eta Mutrikuko neskek eta gazte mailako mutilek lehiatuko dituzte finalak. Partidak zuzenean jarraitu ahal izango dira, Internet bidez
Lea-Artibai eta Mutrikuko puntistek Xistera Zirkuituko Elola Memorialaren finalak jokatuko dituzte gaur, 11:00etatik aurrera, Tolosako Beotibar frontoian. Hiru norgehiagoka hartuko ditu bere baitan memorialak, eta bitan egongo dira Lea-Artibai eta Mutrikuko ordezkariak.Jaialdiaren lehenengo partidaren protagonistak Maite Ortiz de Mendibil gasteiztarra, Nahia Calvo berriatuarra, Eneritz Lizardi mutrikuarra eta Naroa Merino donostiarra izango dira. Lau neska horien arteko txapelak hamabost tantora jokatuko den partidan erabakiko direla aurreratu du Xisterak.
Oreka
Haren ostean, mutilen gazte mailako txapelak egongo dira jokoan. Markina-Xemeingo Goitia eta Jon Mandiola Cabanillasko Labiano eta Noaingo Oskar Aguasen kontra neurtuko dira. «Oso lehia ikusgarria espero da, finalerdian bi taldeek itxura bikaina eman zuten eta», azpimarratu dute Xisteraren ordezkariek.
Amaitzeko, mutilen nagusien mailako partida jokatuko dute, joan den zapatuan finalerdiko kiniela irabazi zuten Unai Alberro gipuzkoarrak eta Julien Ihitsague lapurtarrak. Horiek, Donostia eta Zumaiako klubetako Narbarte eta Urangaren kontra jokatuko dute.
Azken partida biak set-en sisteman jokatuko direla azaldu dute Xisterako ordezkariek. «Gazte mailakoa 13 tantora jokatuko da, eta nagusi mailakoa 15era». Berdinketa egonez gero, bost tantorainoko joko bategaz hautsiko dutela azaldu dute.
Tolosako kantxan iragarrita dauden hiru neurketak streaming bidez igorriko direla jakitera eman du Xisterak. «Herritarrek Xisteraren web orriaren (www.xistera.eus) eta Facebook eta Twitterreko profilen bidez zuzenean jarraitu ahalko dituzte partidak».