Maiatzaren 7ko herri galdeketak aurkeztuko dituzte domekan, Lekeition
Gure Esku Dago dinamiketako kideek babesa eta konpromisoa eskatuko diete herritarrei. Gizaburuaga eta Munitibar ezik, Lea-Artibaiko gainerako herri guztiek egingo dute galdeketaGure Esku Dago herri dinamikak azken helburua beteko du ia Lea-Artibai osoa...
Gure Esku Dago dinamiketako kideek babesa eta konpromisoa eskatuko diete herritarrei. Gizaburuaga eta Munitibar ezik, Lea-Artibaiko gainerako herri guztiek egingo dute galdeketa
Gure Esku Dago herri dinamikak azken helburua beteko du ia Lea-Artibai osoan. Izan ere, datorren urteko maiatzaren 7a herri galdeketak egiteko eguna izango dela iragarri dute herri dinamiketako partaideek. Eta galdeketara begira daudela esateko eta herritarrei babesa eta konpromisoa eskatzeko, eskualdeko herri dinamiketako ordezkariek eta beste hainbat herritarrek agerraldia egingo dute domekan, Lekeition.Ondoko herriek egingo dituzte galdeketak maiatzaren 7an: Amoroto, Aulesti, Ziortza-Bolibar, Etxebarria, Mendexa, Lekeitio, Ondarroa, Berriatua eta Markina-Xemein.
Azaldu dutenez, agerraldia egingo dute galdeketara begira daudela esateko. «Esango duguna da galdeketara goazela, eta bide horretan herritar guztien laguntza eta konpromisoa ezinbestekoak izango direla. Eta, noski, herritarrei bide honetara gehitzeko dei egin nahi diegu».
Domekan, beraz, 2017ko maiatzaren 7an Lea-Artibain be erabagiko dogu lelopean, herritarrak 12:30ean batuko dira Lekeitioko Independentzia plazan. Azaldu dutenez, Miren Agur Meabe idazle lekeitiarrak irakurriko du mezua. Eta agerraldi horretan parte hartuko dute baita ere galdeketa egingo duten herrietako aurpegi ezagun eta ezezagunek.
Autobusak
Domekan Lekeition egingo den ekitaldira joateko, autobusak ere antolatu dituzte beste herrietako herri dinamikek. Berriatutik, esaterako, 11:00etan abiatuko da autobusa, plazatik; herritarrek herriko tabernetan eman behar dute izena.
Ondarroatik ere autobusa aterako da, 11:00etan Zaldupetik. Izena emateko herritarrek ondoko lekuetara joan beharko dute: Amarratza, Kulixka, Kurike eta Sutargi. Bihar da izena emateko azken eguna.
Bestalde, mutrikuarrek ere galdeketa udaberrian egiteko asmoa erakutsi zuten duela aste batzuk. Baina oraindik ez dute datarik zehaztu.