Kultur Etxeko lanen lehen fasea 2017ko udaberrirako amaitzea espero du udalak
Datorren urtean egingo dute bigarren fasea. Beheko solairuan Gazte Gunea egongo da, lehenengoan liburutegia eta KZgunea, eta bigarrenean erabilera anitzeko aretoa egokituko duteIspasterko Udalak Kultur Etxeko lanen lehenengo fasea 2017ko udaberrirako a...
Datorren urtean egingo dute bigarren fasea. Beheko solairuan Gazte Gunea egongo da, lehenengoan liburutegia eta KZgunea, eta bigarrenean erabilera anitzeko aretoa egokituko dute
Ispasterko Udalak Kultur Etxeko lanen lehenengo fasea 2017ko udaberrirako amaitzea aurreikusten du.Udaletxearen alboan dagoen lehenagoko Sakristau Etxea egokitzeko lanak aurrera doaz. Lehenengo fase honetan eraikina bera egokitzen ari dira. Teilatu berria ipini dute dagoeneko, eta margotze eta arotzeria lanak egiten dabiltza.
Horregaz batera, igeltzeritza lana, eraikina isolatu, eta barruko hormen konponketa, garbiketa zein barruko aurre-instalazioak ere burutuko dituzte.
Beste alde batetik, datorren urtean bigarren fasea egingo dutela jakitera eman dute. Orduan, barruko instalazioak, ekipamenduak eta apainketak gauzatuko dituzte.
Kultur Etxeko beheko solairuan Gazte Gunea egokituko dute. Lehenengo solairuan liburutegia eta KZgunea egongo dira, eta bigarrenean, ostera, erabilera anitzeko aretoa.
Ispasterko Udalak apustu «garbia» egin du zerbitzu horren alde. Hain zuzen ere, agintaldiko programan zehaztu zutena betez, proiektu «garrantzitsu» hori aurrera eramateko lehen pausoak 2015ean eman zituzten.
Herritarren parte hartzea
Herritarren beharrizanak aztertzea eta horien parte hartzea bultzatzea garrantzitsua da udalarentzat, eta lanak hasi aurretik, aurtengo uztailean, ispastertarren iradokizunak eta ekarpenak jasotzeko jendaurrean zabaldu zuten Kultur Etxearen hiru solairuen erabileraren proposamena.
Gainera, aurreko agintaldian udalerriko gazteek mahaigaineratu zuten Kultur Etxe baten beharrizana, haiei egindako inkestetan eta Gazte Mahaietan.
Beste alde batetik, udal ordezkariek azaldu dutenez, azken urteetan gazte kopuruak nabarmen gora egin du udalerrian, %33 inguru 2007. urtetik gaur egunera.
Horrek zuzen-zuzenean eragin du herriko eskolaren egituran. «Herri ikastetxeko matrikulazioa asko hazi da. 2007-2008 ikasturtekoagaz alderatuta, ikasle kopurua %154 igo da aurtengo ikasturtean, eta inguruko herrietako ikasle kopurua, berriz, %180», azaldu du Garbiñe Saenz de Buruaga Ispasterko alkateak.
Aurrekontua
Lehenengo fase horretarako 165.000 euroko aurrekontua (BEZa barne) dauka Ispasterko Udalak. Era berean, Bizkaiko Foru Aldunditik 30.000 euroko laguntza jaso du, eta Eusko Jaurlaritzatik, berriz, 67.941 eurokoa izan da diru laguntza.
Ispasterko alkateak zehaztu duenez, udalak herritarren bizi kalitatea hobetzeko eta herrian ahalik eta zerbitzu publiko egokienak eskaintzeko lanean jarraituko du aurrerantzean ere.