Bigarren urtez, bertso triki poteoa egingo dute Muxikako txokoetatik
Zapatuan Kurtzero auzotik abiatuko dira autobusez herriko gainontzeko auzoetako txokoetarantz. Parte hartzeko interesa daukatenek gaur dute izena emateko azken egunaIaz egin zuten lehenengoz bertso triki poteoa Muxikan, eta 80 lagun inguru bildu ziren ...
Zapatuan Kurtzero auzotik abiatuko dira autobusez herriko gainontzeko auzoetako txokoetarantz. Parte hartzeko interesa daukatenek gaur dute izena emateko azken eguna
Iaz egin zuten lehenengoz bertso triki poteoa Muxikan, eta 80 lagun inguru bildu ziren bertan. Orduan izandako arrakasta ikusita, aurten ere, berriro antolatzera animatu dira. Hain justu, zapaturako jarri dute ordua: Kurtzero auzoan bilduko dira 16:45ean, eta handik autobusean aterako dira herriko gainontzeko auzoetarantz.
Herritarrak batzeko helburua duen ekimen horrek herriko txokoetatik egingo du ibilbidea. Iaz, lau txokok parte hartu zuten; hain zuzen, Ajuria, Ariatza, Eleizalde eta Ibarruriko txokoetan egon ziren ekimenagaz bat egin zuten herritarrak. Aurten, baina, Maume eta Gorozikako txokoetara ere gerturatuko dira.
Geldialdi bakoitzean pintxoa jateaz eta potea hartzeaz gain, giro onaz gozatzeko aukera izan zuten iaz, eta aurten ere, hala izango delako esperantzaz aterako dira zapatuan. Halaber, giro hori are gehiago hobetzekotan, Ander Elortegi, Julen Ibarguengoitia eta Jon Arano bertsolarien konpainia ere izango da egun horretan. Eta horiekin batera, einGO Kantan eta Dantzan taldeko kideen trikitixaren doinuekin alaituko dute arratsalde partea.
Aipatu txokoetan, beraz, pintxoak egin beharko dituzte, gero herritarrek jan ahal izateko. Txoko bakoitzak bi eratako pintxoak egin beharko ditu: bat tortilla izan beharko da, eta bestea aukerakoa izango da. Txokoetatik igaro ostean, herritarrek osatutako epaimahaiak erabakiko du zein den txoko irabazlea.
Zapatuko bertso triki poteoagaz gozatu nahi duenak, baina, izena eman beharko du Zubieta Errotan, doan. Bertara jo ahalko da izena ematera, edo bestela 645 00 66 63 edota 94-625 76 85 telefonoetara deituta zein liburutegia.muxika@bizkaia.org helbidera idatzita eman ahal izango da izena. Gaur da horretarako azken eguna.
Kultura Saileko kideek herriko txokoek egun horretan egingo duten lana eskertu nahi dute; «euren ekarpenik gabe ezinezkoa litzatekelako horrelako ekimenak bultzatzea».