Harrera elkarteak elkartasun otzara zotz egingo du aurten ere
Giza eskubideen aldeko otzara da Harrera elkarteak urtero zotz egiten duena, “etxetik kanpo dauden preso eta iheslariek giza eskubideen kontrako baldintzetan jarraitzen dutelako, urrun, sakabanatuta, gaixorik”. Giza eskubideen urraketa horiek, gainera, senide eta lagunengan ere eragina duela azpimarratu du Harrera elkarteak.
2014. urteaz geroztik, etxera libre bueltatzen ziren preso eta errepresaliatuentzako diru laguntzak kendu ditu Espainiako Estatuak. Bi urteko epean, 426 euroko laguntza hartzen zuten hilero. “Europak laguntza hori ordaindu beharrekoa dela ebatzi zuen, baina Espainiak ez du kasorik egin” –kritikatu du elkarteak–. “Espainiak, gure senide eta lagunen eskubideak urratu ez ezik, bere legeak ere urratzen ditu”.
Hala, elkartasuna areagotu beharrean daudela deritzo preso eta iheslari ohiei laguntza integrala ematen dien Harrera elkarteak.