Euskararen erabilera areagotzeko konpromisoa duten denda, taberna, jatetxe, enpresa eta elkarteen gunea da Hitzargune, eta bertako koordinatzailea da Estin?e Astorkia (Ispaster, 1980).
- Zelan sortzen da Hitzargune?Gaur egun Hitzargune izenarekin ezagutzen dugun kanpaina 1991n abiatu zen. Udalerrian euskararen presentzia eta erabilera handitzeko merkataritza arlo estrategikoa zela ikusita, bidea egiten hasi zen Gernika-Lumoko Udalaren euskara saila Artez Euskara Zerbitzuarekin elkarlanean. Aitzindaria izan da bidea jorratzen, lehenengo udalerrietako izan baitzen merkataritza arloko plana garatzen. Merkataritza lantzen hasi ginen hasieran; hamarkada bat beranduago, enpresen arloari ekin genion, eta azkenik, elkarteetara hedatzea erabaki genuen.
- Zein da bere helburua?Aipatutako sektore horietan euskararen presentzia eta erabilera areagotzea; eta, horren ondorioz, herrian euskara gehiago erabiltzea: erosketak egitera goazenean, menu bat jatera goazenean, hitzaldi bat entzutera goazenean, kirola egiterakoan…
- Nortzuk osatzen dute? 160 merkatarik, 38 ostalarik, 55 enpresa txikik, 19 kirol elkartek, 24 kultur elkartek eta 15 ongizate elkartek edo bestelakok.
- Zein abantaila ditu Hitzarguneren barruan egoteak?Hitzarguneren parte izatea erabakitzen dutenek euren erakundean euskara gehiago erabiltzeko Gernika-Lumoko Udalak eskaintzen dituen baliabide guztiak dituzte doan.
- Zertarako konpromisoa hartzen dute Hitzargunen parte hartzen dutenek?Euren eguneroko lanean edo jardunean euskara gehiago erabiltzeko konpromisoa hartzen dute. Idatzizko jardunean (saltokiko errotuluak, kartelak, publizitatea, menuak, bilera deiak, gutunak, fakturak…) zein ahozkoan (bezeroekin elkarrizketak euskaraz izan daitezen bultzatu, kirol entrenamenduak euskaraz egin, hitzaldiak euskaraz antolatu…). Bakoitzak bere erritmoan aurrerapausoak emateko konpromisoa hartzen du.
- Zer jasotzen dute parte hartzaileek trukean? Zein baliabide?Zerbitzu pertsonalizatua jasotzen dute. Hala ere, baliabidea orokorrak hauexek dira: jarraipen bisitak, itzulpenak, kartel eta bestelakoen itzulpena eta maketazioa, edozein unetan kontsultak egiteko aukera, arloko hiztegiak, trebakuntza saio laburrak, publizitatea euskaraz egiteko laguntza, euskaraz erabilgarri dauden baliabideei buruzko informazioa (ordenagailua euskaraz erabiltzeko, mugikorretarako aplikazioak…), sektorekako kanpaina bereziak…
- Hitzargunerekin bat egin nahi duenak zein prozesu jarraitu behar du?Edozein denda, taberna, enpresa, zein elkartek Hitzargunen parte hartu nahi badu, gurekin harremanetan jartzea besterik ez du.
Bileratxo bat egiten dugu (gehienetan haien erakundean bertan) eta proiektua azaldu ostean, konpromiso orria edota hitzarmena sinatzen du interesatuak udalarekin. Jarraian, une horretako mikro-diagnostikoa egiten diogu galdetegi labur baten bidez, eta behin datu horiek jasotakoan, bere nahiak eta beharrak aztertu, eta urteko helburuak adosten ditugu. Gero, zerbitzu pertsonalizatua eskaintzen zaio; hau da, erakundearekin adostutako helburuaren arabera planifikatzen dugu emango zaion zerbitzua.
- Sortu zenez geroztik, zer nolako bilakaera eduki du?Oso positiboa, bai kuantitatiboki (lau merkatariekin hasi baitzen proiektua) eta baita kualitatiboki ere. Hitzarguneko partaide kopurua urtetik urtera haziz doa jorratzen ditugun arlo guztietan, eta, gainera, hartzen dituzten helburuak bete egiten dituzte. Kalean ikusten da hori. Dendetan gero eta errotulu gehiago daude euskaraz, ahozko jardunean ere ohikoena euskaraz artatzea da, Hitzargunen parte hartzen duten elkarte gehienek bazkideei bidaltzen dizkieten komunikazioak euskaraz edota euskaraz eta erdaraz egiten dituzte….
Bestalde, herriko enpresa batzuk euren laneko prozesua Hitzargune proiektuaren baitan hasi ostean, Euskara Plan Estrategikoak jarri dituzte martxan: Gernika Garbiketak, Bengozarra Eraikuntza Metalikoak, Ekin-Bizkagi Autoak eta Torrezuri Taldea. Horietako batzuk euskaren kalitate ziurtagirien maila altuak (Bai Euskarari eta Bikain) eskuratu dituzte.
- 2017. urterako ba al du erronkarik Hitzargunek?
Ostalaritza arloan euskararen presentzia eta erabilera handitzea, Hitzarguneko partaide kopurua haztea, eta arlo guztietan (merkataritza, enpresa, elkarteetan) ahozko euskararen erabilera areagotzea dira gure erronkak.
- Euskarari dagokionez, zein hutsune ikusten dituzu herriko enpresa, taberna, denda zein elkarteetan?
Ostalaritza arloko errotulazioan hutsune handia dago oraindik, batez ere, jatetxe eta antzekoetan. Denda eta enpresetan ahozko jardunean ere bada hutsunerik (elkarrizketa euskaraz hasi arren, gaztelerara salto egiteko joera handia dago), eta kirol elkarteetan ere ahozko jardunean badago zer hobetu.
- Eta nolakoa da euskararen egoera, gaur egun, Busturialdean?Nik esango nuke, oro har, ona dela egoera. Eskualdea euskararen arnasgune bat da; euskaren biosfera. Baina arnasa indartsuago hartzea komeni zaion arnasgune bat da. Nik neuk eta euskara zerbitzutik, euskararen egoera ona barik bikaina izatea nahi dugu, eta horretarako egiten dugu lan. Busturialdean herri txiki asko daude, eta zerbitzu asko erabiltzeko Gernikara eta Bermeora jotzen dute herritarrek; beraz, herri biotako euskararen egoerak eragin handia du eskualdean bizi garenongan. Udalerri biek plangintza indartsuak dituzte euskara bultzatzeko, eta urte luzeetan egindako lanaren emaitza ere bada herriotako arlo edota sektore desberdinetan daukagun egoera.
Bestalde, herri txikietan euskaraz bizi gaitezkeela esango nuke; hala ere, azken urteotan harrituta utzi nau 30-50 urte tartean gaztelerara jotzeko dagoen joera nabarmenak.
Laster, Eusko Jaurlaritzaren VI. Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzak eta Soziolinguistika Klusterraren Kaleko Ahozko Erabileraren Neurketakoak izango ditugu eskura, eta orduan aukera izango dugu egungo egoeraren argazki zehatza ikusteko. Guretzako termometroak dira horiek.