Bermeoko
Eleizalde ikastola 50.urteurrena ospatzen ari da ikasturte honetan. Urteurreneko
ekitaldi nagusia zapaturako antolatu dute;
19:30ean hasiko da Artza frontoian. Herritik sortua, herrian sartua leloarekin ospatzen ari dira 50. urteurrena, eta
herritar guztiak gonbidatu dituzte prestatu duten jaialdi berezian parte hartzera.
Euskara Eguna aukeratu dute urteurreneko ekitaldi nagusia egiteko, orain dela 20 urte ingurura arte egun horretan ospatzen zutelako ikastola eguna. Gaur egun, ostera, martxoan egiten dute.
Zapatukoa
zoriontzeko eta aintzatespena egiteko ekitaldia izango dela azaldu du ikastolako zuzenduri Iñaki Beitiak: «Izan direnak, garenok eta izango direnak aintzatestea da asmoa».
Abesbatzean parte hartuko dutenak probasaioak egiten
Dantzariak, bertsolariak, abesbatzak…parte hartuko dute. Parte hartzaile guztiak ikastolagaz lotura dute. Ikasle ohiak, ikasleak, irakasleak, gurasoak…daude horien artean. Gainera,
50.urteurrenera begira egin duten abestia ere frontoian
aurkeztuko dute; Jose Muruagak idatzitako abestia da.
Tradizionala eta modernoa
Muruagaren arabera, «iragana, oraina eta etorkizuna kontuan izan ditut abestian. Koloreei aipamen poetikoa egiten die, zuri-beltzetik ostadarrera, hain zuzen». Umeentzako abestia izatea baztertu egin zutela dio, izan ere, «50 urte hauetan guztietan hemen egondakoei zuzendutako abestia baita».
Musika jartzerakoan ere, eskema berdina jarraitu dutela azaldu du Muruagak: «Lehenengo zatia oso klasikoa da, gero modernoarekin uztartzen da. Hala, txalaparta, alboka eta dultzaina soinuekin hasten bada ere, gitarra, bateria eta baxuaren doinuak sartzen doaz gutxika. Azkenean, denak batera entzun ahal dira». Zortzi musikari eta ahotsa daude taldean, eta guztiak ikasle ohiak dira.
Urteurrenerako abestia prestatzen
Estreinaldia zapatuan izango da Artza frontoian. Ondoren, ikastolaren webgunean jarriko dute entzungai, eta sare sozialetatik ere zabalduko dutela adierazi du. Bertaratzen direnek abestia zuzenean entzun ahalko dute.
Beharrezko auzolana
1966ko irailean 17 ikaslegaz martxan hasi zen Bermeoko Eleizalde ikastola, nahiz eta ikasturtean zehar ikasle gehiago sartzen joan ziren. Bost hamarkada geroago 758 ikasle ditu.
Antoniana tabernan hasi ziren klaseak ematen, bertako batzar lekuan. Handik bi urtera, gaur egun Erreten parkea dagoen lekuan kokatu zuten ikastola. Uholdeen ostean, berriz, gaur egungo kokalekura mugitu ziren, Arane auzora. «Etxe hau, zortzi gela egoteko pentsata egin zen; lehenengo mailatik zortzigarrenera. Gaur egun, 0tik 16 urterako eskaintza daukagu eta bakoitzetik bi linea».
Auzolanaren garrantzia nabarmendu du Beitiak: «Argi utzi beharra daukagu herritik sortua dela ikastola, gurasoen ekimenez. Oztopo ugari gainditu behar izan badira ere, 50 urte daramatzagu lanean».
Gaur egun, auzolanak, «oso garrantzitsua» izaten jarraitzen duela dio ikastolako zuzendariak, «nahiz eta noizean behin, erosotu egiten garen». Hala ere, beharrizana dagoenean jendeak erantzun egiten duela adierazi du.
«Urteurrena ospatzeko jarraitu dugun eskema iragana, oraina eta etorkizuna izan da. Orain, etorkizunera begira gaude. Gelditu barik lanean gabiltza beti, gelditzen garen momentuan gurasoak aurrean dauzkagulako», dio Beitiak.
Egiteke daudenak
Ikasturtea amaitu aurretik, beste hainbat jarduera egingo dituztela esan du Beitiak. Jaialdiaren ondorengoa, argazki erakusketa izango da. Abenduaren 12tik 18ra Nestor Basterretxea aretoan jarriko dituzte urte hauetako guztietako argazkiak.
Bestalde, frantziskotarrei omenaldia egingo diete, dokumentala aurkeztuko dute, euskararen eta etorkizunaren inguruko hitzaldiak egingo dituzte, txitxiburduntzia eta ikasle ohien eta bazkideen bazkari erraldoiak egitea ere aurreikusi dute.