Gaur hasita, 19. Komiki Jardunaldiek emakumeen lanak bistaratuko dituzte
Ondarroako Luterl taldeak antolatuta, Susanna Martin komikigilearen 'Gaza Amal' lanaren aurkezpenagaz hasiko dira gaur ekintzak. Jardunaldiak urtarrilaren 8ra arte luzatuko diraOndarroako Luterl taldeak antolatuta, 19. Komiki Jardunaldiei hasiera emang...
Ondarroako Luterl taldeak antolatuta, Susanna Martin komikigilearen ‘Gaza Amal’ lanaren aurkezpenagaz hasiko dira gaur ekintzak. Jardunaldiak urtarrilaren 8ra arte luzatuko dira
Ondarroako Luterl taldeak antolatuta, 19. Komiki Jardunaldiei hasiera emango diete gaur. Aurten, jardunaldiek emakumeen lanak izango dituzte ardatz; komikigintzan lan egiten duten emakumeak izango dira aurtengo protagonistak. Gainera, orain arte ez modura, Luterl taldearen ekimenagaz bat egin dute estreinako Uxu Ondarroako emakumeen taldeak eta Emakumeen Udal Berdintasun Kontseiluak.Elkarlanean, egitarau zabala prestatu dute aurtengo jardunaldietarako. «Uxu emakumeen taldeagaz elkarlanean, emakumeek sortutako komikiei dagokien tartea emateko asmoa aspalditik geneukan», azaldu dute Luterl-eko kideek. Aurten, beraz, aspaldiko asmo hori errealitate bihurtu dute.
Ekintzak antolatzeko, talde bakoitzak bere ekarpena egin duela azaldu dute. «Komiki Jardunaldien osagaiak, ipuinek irudikatzen duten sorginen lapikoetan edabe magikoak egiteko osagaiak gehitzen diren antzera gauzatu da; bakoitzak bere ekarpena egin du».
Horrela, Marije Egaña lekeitiarra izan da sua ipini duena, eta Luterl taldekoek lapikoa. Gero, Etxelilak, Emakumeen Udal Berdintasun Kontseiluak eta Unrwa Euskadi erakundeak Susanna Martin komikigilea lotu dute. «Egañak, gainera, Amparo Akarregi komikigile aintzindariaren komikien erakusketa lotu du, eta guk, Mikel Begoña komiki gidoigilearen bidez Marika Vilaren lanak herrian ikusgai ipintzea lortu dugu».
Eta nola ez, urtero egin legez, 19. Komiki Jardunaldiak ere uhinetan zabalduko dira. Egiteko hori Radixu Irratiaren Azken mohikanoak irratsaioak beteko du. «Eskuorri formatuan argitaratzen dugun Globhito argitalpena ere aterako dugu».
Osotasunean hartuta, komiki jardunaldiek askotariko ekintzak bilduko dituzte.
Herri gehiagotan ere ikusgai
Aurten, gainera, Komiki Jardunaldien baitan egingo den erakusketak Lekeition eta Markina-Xemeinen ere lur hartuko du. Horrela, Amparo Akarregi eta Marika Vilaren lanak Lekeitioko Barandiaran aretoan ikusi ahalko dira lehendabizi, abenduaren 12tik 18ra. Eta Markina-Xemeinen urtarrilaren 11tik 18ra egongo da erakusketa, Uhagon kulturgunean.
Horrez gain, bi herri horietan, Josune Muñozek Emakumeen komikiak eta Komiki Feministak tailerra emango du: Lekeition abenduaren 16an, 18:00etatik 20:00etara, eta Markina-Xemeinen urtarrilaren 13an, 18:00etatik 20:00etara, Uhagonen. Azken horretan izena emateko herritarrek Uhagonera deitu (94-616 63 03) edo idatzi beharko dute (kulturgunea@uhagon.com).