2017ko aurrekontu proposamena aurkeztu du Lekeitioko Udalak
Herritarrek ekarpenak egiteko aukera edukiko dute abenduaren 22ra arte. Udalak aurkezten dituen prozesuak ez direla parte hartzaileak kritikatu du EH BildukDatorren urterako 7.801.103,00 euro izango ditu Lekeitioko Udalak, 2016an baino 287.745 euro gut...
Herritarrek ekarpenak egiteko aukera edukiko dute abenduaren 22ra arte. Udalak aurkezten dituen prozesuak ez direla parte hartzaileak kritikatu du EH Bilduk
Datorren urterako 7.801.103,00 euro izango ditu Lekeitioko Udalak, 2016an baino 287.745 euro gutxiago. Joan den barikuko Ogasun Batzordean aurkeztu zituzten 2017ko aurrekontuak, eta orain herritarrei ezagutzera eman, eta euren ekarpen, iritzi eta proposamenak jaso nahi dituzte; «parte hartzea eta gardentasuna bultzatuz Lekeitio zure erara eraikitzeko», azaldu dute.Arlo eta sailetan 2016ko aurrekontu bera mantenduko dutela jakitera eman du udalak, eta prezio publiko eta tasetan ere ez dutela igoerarik egingo. Inbertsioei dagokienez, alkatetzarako aurkeztu zen programan oinarritzen jarraituko dutela zehaztu dute, «hartutako konpromisoak betetzen joateko».
Inbertsioen artean, Santa Katalina paseoaren bigarren fase bat, merkatu plazako behegaina, eskoletako leihoen bigarren fasea, Isuntza Arraun elkarteko teilatua eta Zita hoteleko terraza konpontzea, San Andres auzoko proiektua, Mendieta ontziolako proiektua, Gazteguneko igogailuaren konponketa, lekeitiarrentzat uda sasoian aparkalekuak ziurtatzeko sistema martxan ipintzea, kirol instalakuntzetan inbertsioak egitea eta HAPO daude, besteak beste.
Aurrekontu proposamenaren xehetasun guztiak Udaletik aldizkariaren bidez jakinaraziko die udalak herritarrei. Horrez gain, udalaren web orrialdean ere eskura jarri dute. Horrela, Lekeition erroldatuta dauden eta adin nagusikoak diren guztiek ekarpenak egin ahalko dituzte abenduaren 22ra arte, udaleko edozein bulegotan, partehartzea@lekeitio.eus helbide elektronikora idatzita edo WhatsApp bidez 656 70 25 08 telefono zenbakira mezua bidalita. «Ondoren, ekarpenak egin dituzten herritar guztiei hamar egunen buruan erantzungo zaie. Udal Gobernuak proposamenak baloratu, eta abenduaren azken astean Ogasun Batzordea deituko da», azaldu dute.
Beste alde batetik, urtarrilaren 9an, 19:00etan, Azkue Aretoan egingo den batzar zabalean, herritarrei aurrekontuen inguruko azalpenak emango dizkietela jakitera eman dute. «Printzipioz, urtarrilaren 12an udalak osoko bilkura deitzeko asmoa dauka, bertan aurrekontuak eztabaidatu eta, hala balegokio, horiek onartzeko», aurreratu dute.
Egiteko ezer gutxi
Lekeitioko Udalean agintean dagoen EAJren udal gobernuak 2017ko aurrekontuei buruzko informazioa zabaldu, eta herritarrei ekarpenak egiteko erabili duen prozesuak «parte hartzetik ezer gutxi» duela adierazi du Lekeitioko EH Bilduk. Aurrekontuen kasuan, esate baterako, Udaletik aldizkarian eginda dagoen aurrekontu proposamenaren nondik norako orokorrak partekatu besterik ez direla egiten esan dute. «Dagoeneko erabakita datorren diru banaketa bat erakusten die herritarrei, ezelako azalpen osagarririk barik ekarpenak egin ditzaten».
EH Bilduk dioenez, dagoen egoera ekonomikoan ezer gutxi egin daitekeela esaten du EAJk aldez aurretik, «eztabaida errotik mugatzeko». Adierazi dutenez, herritarrek datorren urtean herrian egin nahi diren proiektuen informaziorik ez dute jasotzen. Eta, beraz, arlo desberdinetan egin nahi denaren programa ezagutzen ez badu, herritarrak diruen banaketa egokia den ala ez zelan jakin behar duen galdetzen dute. «Arlo batzuetan oraindik udal batzordeetan ere ez da azaldu arlo horri dagokion plangintza. Baina aurrekontu proposamena onartzeko iradokizunak egiteko epeak badu data itxi bat dagoeneko».
HAPOren berrikuspenari dagokionez ere, antzekoa gertatzen ari dela adierazi dute. «Eztabaida publikorik bultzatu gabe, erakusketa bat egingo dela diote. Eta HAPOaren testua ikusgarri jarriko dutela. Zalantza handiak sortzen dizkigu horrek ere herritarren irisgarritasunari begira».
EH Bilduren esanetan, EAJren gobernuak ez du parte hartzean sinisten. «Legez derrigortuta daudenera mugatzen ari dira. Baina ez dira ari benetako parte hartze bat bultzatzeko ahaleginik egiten».