Epaiketa eginda, ebazpenaren zain geratu dira TMA-ko behargin ohiak
LAB-ek deituta, elkarretaratzea egin zuten epaitegiaren atarian. Epaiketa «askatasun sindikala murrizteko beste urrats bat» dela salatu du Ainhoa EtxaidekDavid Gonzalez eta Alexis Rodriguez Talleres Mecanicos Arakistain enpresako behargin ohiak epait...
LAB-ek deituta, elkarretaratzea egin zuten epaitegiaren atarian. Epaiketa «askatasun sindikala murrizteko beste urrats bat» dela salatu du Ainhoa Etxaidek
David Gonzalez eta Alexis Rodriguez Talleres Mecanicos Arakistain enpresako behargin ohiak epaitu zituzten atzo, Bilbon. Auzipetuek jakitera eman zutenez, euren senideek ezin izan zuten epaitegian sartu, «lekurik ez zegoenaren aitzakian».Rodriguezen ustez, epaiketan argi geratu zen TMA-n gertatutakoa lan gatazka bat izan zela. «82 familia kalean ez uztea, zor zizkiguten lau nomina eta erdiak ordaintzea eta akordioak betetzea eskatu genion. Ez zen egon istilurik ez eta apurketarik ere».
2013 urte bukaeran, 8 hileko greba baten ondoren, Etxebarriako Talleres Mecanicos Arakistain (TMA) enpresa itxi eta langileak kalean geratu ziren zegozkien soldatak kobratu barik. Grebaren ondoren, enpresariak hainbat langileren kontrako salaketak jarri zituen. Atzo epaitu zituzten bi langile ohirentzat bost urte eta sei hileko kartzela zigorra eta 9.000 euroko kalte-ordaina eskatu zituen enpresariak, eta fiskalak bi urte eta hiru hileko kartzela bakoitzarentzat.
Ebazpenaren zain geratu dira, orain, TMA-ko behargin ohi biak. Esan dutenez, epaiaren arabera ikusiko dute zelan erantzun. «Hainbeste dendoran txarto pasarazi diguten arren, jaso ditugun elkartasun adierazpenei esker, geratzen denari ere eutsiko diogu», esan zuen Rodriguezek. Gainera, Markina-Xemeingo manifestazioan eta atzo epaitegi aurrean egin zuten elkarretaratzean parte hartu zutenei eskerrak eman nahi izan dizkie.
Elkarretaratzea
Behargin ohiei elkartasuna adierazteko, elkarretaratze bat egin zuen LABek epaitegiaren atarian Alexis eta David libre. Langile borrokaren kriminalizaziorik ez lelopean.
Epaiketagaz «askatasun sindikala murrizteko beste urrats bat»eman nahi dutela salatu zuen elkarretaratzean egon zen Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak. Botere publikoari, «behingoz», langileen alde, herritarren alde eta eskubide sozialen alde jartzeko eskaria egin zion, eta absoluzioa eskatu zuen TMA-ko behargin ohi bientzat.