Elkartasun giroan, Fair Saturday ospatu dute bermeotarrek
Artea eta kultura hedatu gura ditu Fair Saturday ekimenak, baina, era berean, proiektu solidarioak laguntzea du helburu. Bermeon, dantzaldiak, kontzertuak eta umeentzako jarduerak egon ziren aukeran zapatuan.Artearen eta kulturaren bidez, mundua alda d...
Artea eta kultura hedatu gura ditu Fair Saturday ekimenak, baina, era berean, proiektu solidarioak laguntzea du helburu. Bermeon, dantzaldiak, kontzertuak eta umeentzako jarduerak egon ziren aukeran zapatuan.
Artearen eta kulturaren bidez, mundua alda daitekeela adierazteko eguna izan zuten zapatuan Bermeon. Fair Saturday ekimen solidarioaren baitan, kontzertuak, dantzaldiak eta umeentzako ekintzak prestatu zituzten Bermeoko Udalak eta herriko zenbait kultur elkartek.Goizean, MB 2000 zerbitzuaren eskutik, umeak eskulanak egiten, kantuan eta dantzan ibili ziren Kabidxen. Halaber, Ipuin Lapikokoek ipuin kontaketa saioa eskaini zuten. Lameran, berriz, Alkartasuna dantza taldekoek buruzapiak zelan jarri azaldu eta erromeria egin zuten.
Arratsaldean, Txo Sevilla eta Dantzatu Gurekin taldekoen dantzekin ondo pasatzeko aukera eduki zuten bermeotarrek. Gauean, berriz, Kapillan izan zuen jarraipena egitarau solidarioak, Nuntxaku Kultur elkartekoek antolatutako kontzertuekin.
Arte eta kultura lanak hedatzeagaz eta balioan jartzeagaz batera, proiektu solidarioei laguntzea helburu duen jaia da Fair Saturday. Bermeon batutako dirua jaso dute Nere Izarra Rett elkarteak beharrizanak dituztenei laguntzen dien Kate Sarea elkarteak eta umeen estimulazioa eta garapenerako Laztana elkarteak.
Era berean, munduko leku ezberdinetako herritarrek egindako sormen tantak banatu zituzten Fair Saturday ekimenean parte hartu zuten herritarren artean.