JUVENA 2016 kanpaina zientifikoaren barruan egin dute azterketa, iraileko datuekin. Hain zuzen ere, neurketa hori 2003an hasitako denbora-serieko laugarren handiena dela zehaztu dute, eta 2017ko antxoaren arrantza-aldiari dagokionez, baikor agertu dira, datozen urteetarako bilketa handia edo ertain-handia aurreikusten baitute.
Gainera, lortutako datuekin batera, arrantzatu daitezkeen antxoa kopuruaren inguruko arriskuen gaineko gomendioak helarazi dizkiete arrantza alorreko agintariei.
Antxoa gazteen ugaritasuna eta banaketa zehaztea, haien egoera ikertzea eta biziraupenari eragiten dioten ingurumen-faktoreak aztertzea da kanpainaren helburua. Eusko Jaurlaritzak, Espainiako gobernuaren Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen ministerioak, eta Espainiako Ozeanografia Institutuak finantzatu du kanpaina.
Aztiko kideek zehaztu dutenez, kudeaketa jasangarri baten bidez soilik bermatu daitezke antxoaren biziraupena, eta arrantza mota honek arrantza-sektorean zein kontserben eta elikagaien sektorean sortzen duen jarduera ekonomikoaren etorkizuna.
Zazpi zentimetro inguru
Ultrahotsak 400 metrorainoko sakonerara igorriz lortutako oihartzunaren bidez zenbatetsi dute antxoa gazteen biomasa zein haren kokapena. Horrekin batera, ibilbidean zehar arrantzatuz, antxoa gazteen batez besteko neurria zehaztu ahal izan dute: zazpi bat zentimetro.
Bestalde, Aztiko ikerlariek itsas ekosistemaren datu orokorrak ere bildu dituzte, hari eragiten dioten prozesuak ulertzeko helburuagaz.
Azken urteotan, batik bat Bizkaiko golkoko itsas harrapari handiek espazioan duten banaketa ebaluatu dute. Horretarako, itsas hegaztien eta ugaztunen banaketa eta ugaritasuna aztertu dute, uneko espezieei buruzko informazioa bilduz: (bilbidean ikusitako banakoen kopurua eta portaera).
Itsas ugaztunei dagokienez, hamar espezie ikusi dituzte. Haietan ugariena izurde arrunta da, gero zere arrunta, eta, azkenik, izurde marraduna.
Itsas hegaztiei dagokienez, berriz, haien banaketa eta ugaritasuna aztertu dute. 31 espezie ikusi dituzte, zanga, gabai handia, kaio hankahoria eta kaio iluna, besteren artean.