Urkulluk lehendakari karguaren zina egin du Gernikako arbolaren aurrean
Koroari «leialtasuna» erakutsi, eta Gernikako Autonomia Estatutua eta indarrean dauden gainerako legeak «errespetatuko» dituela adierazi zuen lehendakariakJendetza elkartu zen zapatu eguerdian Gernika-Lumoko Juntetxearen barruan zein inguruetan. Go...
Koroari «leialtasuna» erakutsi, eta Gernikako Autonomia Estatutua eta indarrean dauden gainerako legeak «errespetatuko» dituela adierazi zuen lehendakariak
Jendetza elkartu zen zapatu eguerdian Gernika-Lumoko Juntetxearen barruan zein inguruetan. Gonbidatuekin batera, herritar asko batu ziren Gernikako Batzar Etxearen kanpoaldean. Denek ere helburu bera zeukaten, Iñigo Urkullu lehendakaria bertatik bertara ikustea. Izan ere, Gernikako arbolaren aurrean, lehendakari karguaren zina egin zuen Urkulluk.«Apal-apalik Jaungoikoaren eta gizartearen aurrean, Eusko lur gainean zutik eta Gernikako haritzaren azpian, asaben gomutaz, herri ordezkari zareten zuen aurrean, nire agintea zintzo beteko dudala zin dagit». Ohitura legez, berba horiekin hartu zuen lehendakari kargua. Autonomia Estatuaren Legebiltzarreko alearen eta Bizkaiko Foru Zaharraren gainean egin zuen zina.
Hain zuzen ere, 2012an egin moduan, oraingo honetan ere, «Jaungoikoaren aurrean apalik» esan ordez «apal-apalik Jaungoikoaren eta gizartearen aurrean» adierazpena erabili zuen. Halaber, ekitaldian ez zuen biblia alboan izan, eta zinaren mahaian ez zen egon gurutzerik.
Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea alboan zuela hartu zuen Urkulluk lehendakari kargua, eta zina amaitutakoan, Ertzaintzaren bandak Euzko-Abendaren Ereserkia jo zuen. Hunkituta eta pozik agertu zen Urkullu lehendakaria. Koroari «leialtasuna» erakutsi, eta Gernikako Autonomia Estatutua eta indarrean dauden gainerako legeak «errespetatuko» dituela adierazi zuen Juntetxe barruan egindako ekitaldian.
Askotariko ordezkariak
Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politikoetako kideak, eta udal, aldundi zein batzar nagusietako ordezkari asko batu ziren zapatuan Gernika-Lumon egindako ekitaldian. Eta zelan ez, Urkulluren familiako kide ugari ere bertaratu ziren.
Horiekin batera, bestalde, Soraya Saez de Santamaria Espainiako Gobernuaren presidenteordea, Uxue Barkos Nafarroako Erkidegoko lehendakaria, Joan Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidentea eta Fernando Clavijo Kanarietako presidentea ere egon ziren, beste batzuen artean.
Era berean, Karlos Garaikoetxea, Jose Antonio Ardanza eta Patxi Lopez lehendakariak ere bertan izan ziren. Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkateak ere Urkullu zoriondu gura izan zuen.
Protokolozko ekitaldi eta argazkien ostean, euskal erakundeetako zein alderdietako ordezkariek solaserako tartea hartu zuten Juntetxean.