Gernika RTk 28-20 galdu du Alcobendas Rugby liderraren kontrako partida
Talde madrildarrak estreinatu zuen markagailua. Azken minutuetan erabaki zen partida. Gernikarrek getxoztarren kontrako derbia jokatuko dute datorren asteburuan, UrbietanGernika RTk 28-20 galdu zuen Alcobendas Rugbyren kontra, zapatuan, Madrilen (Espai...
Talde madrildarrak estreinatu zuen markagailua. Azken minutuetan erabaki zen partida. Gernikarrek getxoztarren kontrako derbia jokatuko dute datorren asteburuan, Urbietan
Gernika RTk 28-20 galdu zuen Alcobendas Rugbyren kontra, zapatuan, Madrilen (Espainia).Lehen minutuetan basurdeak partidaren kontrola bereganatzeko ahaleginean aritu ziren, baina etxeko taldeak ez zuen bere lehen aukera alferrik galdu, eta entsegua lortuta, markagailua estreinatu zuen. Hala ere, ez zuen entsegua transformatzetik lortu, eta ondorioz, 5-0eko emaitzagaz hartu zuen aurre markagailuan. Handik minutu gutxira, bi taldeen arteko aldea handitu zuen Alcobendasek, zigor entsegu bati esker.
Basurdeek puntuak lortzeko ahaleginean jarraitu zuten, eta Pichlerrek transformaturiko zigor entseguari esker, markagailuko aldea gutxitu zuten. Gainera, talde gernikarraren jokoan ere aldea igarri zen, aurkaria estutuz hobeto jokatu baitzuen.
Basurdeak ondo jokatzen ari ziren, eta erosoago zeuden zelaian. Orduan, entsegua egin, eta bi puntuko aldeagaz jarri ziren (10-8). Ondoren, puntuak pilatzen jarraitu zuen talde gernikarrak, baina atsedenaldira heldu aurretik etxeko taldearen aldeko zigor entseguaren ondorioz, 11-10 amaitu zuten lehen zatia. Hain zuzen ere, lehen zatiko azken minutuetan, Gernika RTk defentsa lana sendotu zuen, eta horregatik puntu bakarreko aldeagaz amaitzea lortu zuten.
Bigarren zatia ez zen ondo hasi basurdeentzat. Mateok uztarte irekian arau-haustea egin zuela adierazi zuen epaileak, eta txartel horia atera zion. Ondorioz, etxekoek zelaian zeukaten abantaila ondo aprobetxatu zuten, eta puntuak pilatzen jarraitu zuten.
19-10eko markagailuagaz zeudela, Pichlerrek aldea txikitu zuen, baina Linklater Alcobendaseko jokalaria geldiezin zebilen.
Partidako azken minutuetan basurdeek beste entsegu bat egin zuten, baina talde madrildarrak ere bere jokoa egiten jarraitu zuen, eta kolpe baten ondorioz, talde gernikarra defentsa bonusaren sari barik utzi zuten.
Domekan, derbia
Porrotaren ostean, basurdeak garaipena eskuratzeko asmoz zelairatuko dira asteburuan. Gernika RT eta Getxo Artea RTren arteko derbia izango da ikusgai Urbietan, domekan. Sailkapeneko azkena da talde getxoztarra. 8 puntu baino ez ditu eskuratu orain arte. Gernika RTk 17 puntu ditu, eta sailkapeneko zortzigarrena da.