Aldarri moreak kalea hartu du
Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunak askotariko irudiak utzi ditu Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdean; aldarriak ere askotarikoak izan dira.Egunotan, udaletxeetako balkoietan indarkeria matxistaren aurkako mezuak irakurri ahal iz...
Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunak askotariko irudiak utzi ditu Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdean; aldarriak ere askotarikoak izan dira.
Egunotan, udaletxeetako balkoietan indarkeria matxistaren aurkako mezuak irakurri ahal izan dira, eta, horrez gain, hainbat izan dira ikastetxe, udal zein elkarteek egun horren harira egindako ekintzak.Lekeition, esaterako, ezohiko irudia ikusi ahal izan zen barikuan; ikastetxeetako umeek udalbatzar aretoa hartu zuten, eta indarkeria matxistaren aurkako mezuak mahairatu zituzten. Eurekin batera egon zen Koldo Goitia Lekeitioko alkatea.
Markina-Xemein, ostera, giza katea egin zuten ikasle eta irakasleek. Eta Goiko Portalean batuta, indarkeria matxista salatzeko mosaikoa egin zuten.
Berriatuan ere ikasle, irakasle eta gurasoek udaletxe aurrean egin zuten elkarretaratzea.
Indarkeria matxistaren aurkako salaketak Busturialdera ere ailegatu dira, beste behin ere. Zenbait herritan, elkarretaratzeak egin zituzten barikuan (Bermeon, Ean, Gernika-Lumon eta Ibarrangelun), eta beste hainbatetan, hitzaldiak, musika emanaldia, kalejira eta argazki erakusketa egin zituzten, indarkeria matxistari planto eginez.
Eraildakoak gogoan
Bermeon, halaber, Goiko Plazan bildu ziren bariku goizean Bermeoko Udaleko ordezkariak, Erroxape Emakumeen Elkarteko kideak, Sareginek Bermeoko Emakume Feministen Sareko kideak, herriko ikastetxeetako ikasle eta ordezkariak, Joseba Fernandez Urdaibai Arraun elkarteko entrenatzailea eta hainbat herritar, bakoitzak bere aldarrikapena egiteko. Ostean, ehunka globo more askatu zituzten.
Iluntzean, berriz, Sareginek Bermeoko Emakume Feministen Sareak eta Erroxapek antolatuta, indarkeria matxistagatik hildako emakumeak izan zituzten gogoan. Hala, izen-abizenak banan-banan esanda, kandelak jartzen joan ziren Lameran egindako elkarretaratzean.
Beldur Barik sariak
Urtero legez, Beldur Barik lehiaketako tokiko sariak ere banatu zituzten azaroaren 25ean, Ondarroan eta Gernika-Lumon. Ondarroako Institutuko Maren Urrestik, Itziar Lizarzaburuk, Saioa Grañak, Nahia Gonzalezek, Ander Egigurenek, Haritz Zelaiak, Alain Sotok eta Ametz Garaizabalek aurkeztutako Nire helmuga lana saritu zuten, hain zuzen ere, Ondarroan. Tokiko sariaz aparte, gainera, Beldur Barik lehiaketako sari nagusia ere eskuratu zuen talde horrek, 12-17 urte bitarteko kategorian.
Guztira, 341 sorkuntza lan aurkeztu dituzte lehiaketa orokorrera (246 lan 12-17 urte bitarteko kategorian), eta guztien artean Ondarroakoa aukeratu zuten irabazle. Urdulizen egindako sari banaketa ekitaldia, 500 euroko saria jaso zuten Lea-Artibaikoek.
Gernika-Lumon ere, barikuan banatu zituzten sariok: hain justu, kategoria bitan. Batetik, 12 eta 17 urte bitarteko gazteen artean onena saritu dute: hain zuzen ere, Nagore Bermeosolo Saituaren eta Itsaso Irusta Arrienen Izan dezagun beldur barik jarrera! lana. Bestetik, 18 eta 26 urte bitartekoen lanetan onenari eman diote tokiko saria. Kasu horretan, Irati Etxebarria Urkiza eta Ibane Vazquez Gomez saritu dituzte, Mugarik Gabe bideoagatik.