Bermeoko txistulariak ziren Larrinaga bandaren grabazio zaharrak bildu dituzte Bermeoko Udalak eta Euskal Herriko Txistulari elkarteak argitaratutako
Bermeoko Txistulariak, Musikarako Grina diskoan.

Aingeru Astui, Iban Ibarretxe eta Esti Arrizabalaga gaur egindako aurkezpenean
Bi diskotan, 40 pieza inguru entzun daitezkeela azaldu du Bermeoko Udaleko kultura zinegotzi Aingeru Astuik. 1961. urtean eta 1964.urtean grabatutako biniloetako kantak bildu dituzte lanean.
Larrinaga banda oso ezaguna izan zen herrian.
1926. urtean hasi zuen bere ibilbidea, eta Eusebio Larrinaga aitak eta Juan eta Iñaki bere semeek osatzen zuten taldea hasieran. Beranduago, Polikarpo azken semea ere sartu zen taldera. Atabalean, Tiburcio izan zuten taldekide.
Larrinaga bandako kideak
ez zirela musikari profesionalak izan esan du diskoaren koordinazio lanak egin dituen udal musika eskolako txistu irakasle Iban Ibarretxek. Egurragaz lotutako ogibideetan aritzen ziren, eta,
txistuak beraiak egiten zituzten. Horiek erabiltzen zituzten txistuekin jotzea «zaila» dela dio Ibarretxek. Horregatik,
«meritu handiko» diskoa dela nabarmendu du.
Txistulari izanda zein ez izanda, «etxean eduki beharreko diskoa» dela esan du Ibarretxek,
«altxor bat» dela gaineratuta.
Larrinagatarren musikarako grina eta zaletasunari esker,
40 urte inguru aritu ziren txistua jotzen. «Txistulari onak eta arrakastatsuak» izatera heldu zirela esan du diskoaren aurkezpenean Esti Arrizabalaga udal musika eskolako zuzendariak: «Lehiaketa ugaritan parte hartu zuten, eta 1944 eta 1960 urteen bitartean lehen sari ugari irabazi zituzten. Euskal Herriko txistu munduan
«erreferente» izan zirela azaldu dute.
Bermeoko Udaleko Musika Bandagaz eta Bermeoko Abesbatzagaz ere lanean ibili ziren. Bermeoko Udaleko musika bandagaz, esaterako, hainbat lan estreinatu zituztela azaldu du Arrizabalagak: «Jose Antonio Erauskinek, bandako zuzendariak, hainbat obra idatzi eta konpondu zien. Hala, 1965eko Bermeoko jaietako kalejiran Mendirik mendi eta Arranbillote biribilketak estreinatu zituzten». Era berean, hainbat binilo ere grabatu zituztela jakinarazi dute.
Kultura zinegotziaren arabera, «Argitaratu den diskoagaz, Bermeoko musika, altxor aberasgarria, berreskuratu dugu, eta, aldi berean, gure herriko ondarea sustatzen dugu».
Data zehatza ez badakite ere,
abenduan salgai egongo dela azaldu dute gaur goizean musika eskolan egindako aurkezpenean.