2013. urtean egin zituzten lehen jardunaldi antimilitaristak Gernika-Lumon, eta, geroztik, urtero egin izan dituzte. 2016. urtea ez da salbuespena izango, eta IV. jardunaldietan murgilduko dira datorren astean. Hala, Gernikatik Mundura, Gernika Gogoratuz eta Ideasurrek prestatutako egitarauaren barruan, hiru saioz gozatzeko aukera edukiko du astelehen, martitzen eta eguaztenean Astrara bertaratzen denak.
Antimilitarismoari eta memori historikoari buruzko jardunaldi horien helburua gerraren kontrako mezua zabaltzea da, eta, bide horretan, bertoko herritarrak kontzientziatzea bilatu izan dute antolatzaileek, etorkizuneko gerrak ekitu asmoz.
Aurrekoan legez, hiru hizketaldi izango dira aurten ere; astelehenean egingo dute lehena, eta hurrengo egun bietan gainontzeko biak.
Egitaraua:
- Azaroak 28, astelehena (18:00etatik 20:30era): Gernika Babeslekua: Gizarte ekimenen garrantzia errefuxiatuei harrera egiteko lanean. Maitane Azurmendi eta Maria Luisa Menendez Agirre Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaia Plataformako kideek plataforma horren berri emango dute. Gainera, Greziako errefuxiatuen eskubideen aldeko euskal karabanaz hitz egingo du Azurmendik, eta Idomeniko kanpalekuko errealitateaz ariko da, berriz, Menendez.
- Azaroak 29, martitzena (18:00etatik 20:30era): Gernikak salatzen du: Beste Gernika horiek, biztanleria zibilaren aurkako bonbardaketak XX eta XXI. mendeetan. Gabirel Ezkurdia politologoak Siria eta hurbileko ekialdearen gudak eta gerra osteko berreraikuntzaren inguruko egi, gezur eta konspirazioak izango ditu hizpide. Bestetik, HEGOA Institutuko ikerlari Gloria Guzmanek Mendebaldeko Saharako emakumeen memoriari eta erresistentziari buruzko berbaldia emango du.
- Azaroak 30, eguaztena (18:00etatik 20:30era): Gernikaren hausnarketa: Mugimendu pazifista, akademia eta gizarte zibil antolatua migrazio eta asilo politikoen aurrean. Kataluniako Bakearen Nazioarteko Institutuko kide Tica Fontek Siriako gerra geldiarazteko aliantzak eta ekintzarako deialdiak zeintzuk diren azalduko ditu. Halaber, Siriako Bakerako Planaren 6 puntuak aurkeztuko ditu. Bestalde, Centre Delàis d’Estudis per la Pau Centre Delàis-eko presidete Pere Ortega Europako gotorleku bihurtu eta mugetako segurtasuna militarizatzeko politikaren aurreko sentsibilizazio eta lanerako sinergiez ariko da. Gainera, Katalunian sortutako Stop Mare Nostrum plataformari buruzko informazioa ere emango du.