Indarkeria matxistaren kontrako salaketa ozen eta argia
Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Eguna da bihar, eta beste urte batez, herritarrak kalera aterako dira jendartean errotuta dagoen arazo hori salatu, eta indarkeria matxista desagertzea aldarrikatzeko.
Herriz herri elkarretaratzeak deitu dituzte biharko, tokian tokiko udalek zein elkarteek. Horregaz batera, datozen egunetan bertoko zenbait udaletan Azaroaren 25aren inguruko adierazpenak edota mozioak onartuko dituzte aho batez ohiko edo ez ohiko osoko bilkuretan.
Berdintasuna landuz
Hainbat dira urteetan genero-parekotasuna edo genero berdintasuna sustatzeko asmoz lanean dabiltzanak: norbanakoak, udalak, talde edota elkarteak, eragile ezberdinak…
Helburu beragaz ari dira beharrean Gernika-Lumon ere, eta horren adibidea da, esaterako, sortu berri duten Emakumeen Berdintasunerako lehenengo Kontseilua.
Udaleko esparru guztietan emakumeen eta gizonezkoen arteko berdintasuna sustatu gura du kontseilu horrek, eta horregaz batera, pertsona, erakunde eta sektoreen parte hartze zuzena bultzatzea bilatuko du. Eta horretarako, berdintasunari lotutako ekintzetarako beharrezkoak diren bitartekoak proposatuko ditu.
Gizarte Ekintzako Leire Bidaguren zinegotziak zuzenduko du aipatu kontseilua, eta hainbat herriko elkarteetako ordezkariek osatuko dute (betiere, emakume batek ordezkatuko dituzte). Aipatutako horiekin batera, udal teknikariak, Allende Salazar Ikastetxea, Busturialdeko Gizarte Zerbitzuetako Mankomunitatea eta udalean ordezkaritza daukaten talde politikoak ere izango dira. Bestalde, norbanako emakumeek ere edukiko dute bertan parte hartzeko aukera.
Jakitera eman dutenez, urtean, gutxienez, hiru aldiz bilduko da Kontseilua, martxan jarri nahi dituzten ekimenak planifikatu eta ebaluatzeko. Hitzordu horiez gain, egoerak hala eskatzen duenean, ez ohiko batzarrak ere egingo dituztela aurreratu dute; esaterako, indarkeria matxista kasuak gertatzen direnetan.
Askotariko ekitaldiak
Bestalde, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Egunaren harira, herritarrek hamaika ekitaldi dituzte aukeran egunotan: autodefentsa feminista ikastaroa, hitzaldiak, musika emanaldiak, antzerki saioak, ipuin kontalaria, tailerrak eta zine emanaldiak, beste hainbaten artean.
Esate baterako, bermeotarrak Goiko plazan batuko dira bihar eguerdina. Adierazpen instituzionala irakurri ostean, Urdaibai Arraun taldeko kideek eta herriko ikastetxeetako ikasleek biharko beren beregi prestaturiko ekintzak burutuko dituzte. Gero, azken urteetan egin moduan, globo moreak askatuko dituzte.
Muxikan, ostera, Idoia Lekue berdintasun teknikariak berbaldia emango du bihar arratsaldean. Emakumeek egunero bizi dituzten indarkeria “txikiak” azalduko ditu; ezustean bizi dituztenak eta ia konturatu gabe eragiten dietenak. Hala, indarkeria matxistaren jatorrian dauden arazoez berba egingo du. Biolentzia mota desberdinak aztertu, eta datuak ere emango ditu.
Horregaz batera, bihar egun guztian ikusgai izango dira UNHCR /ACANUR euskal batzordeak mailegatutako Darfureko emakumeen argazkiak.
Beldu Barik lehiaketaren sari banaketa
Aurreko urteetan moduan, DBHko ikasleentzat emakumeenganako indarkeria salatzeko Beldur Barik lehiaketa egon da martxan. Ohi legez, Gernika-Lumoko udalak sari propioak emango ditu, bihar goizean egingo duten sari banaketa ekitaldian.
EGITARAUA HERRIZ HERRI:
BERMEO
Bihar.
– 12:00. Goiko plazan, alkateak adierazpen instituzionala irakurriko du. Urdaibai arraun elkarteak eta herriko ikastetxeek parte hartuko dute bakoitzak landutako ekintzekin. Azkenean, globo moreak askatuko dituzte.
– 19:30. Elkarretaratzea, Lamerako harrizko bankuan. Euria egingo balu, Taraskan.
BUSTURIA
Bihar.
– 19:00. Altamirako Kultur Etxean, Berdintasun falta eta emakumeen kontrako indarkeria hitzaldia. Ondoren, bost minutuko elkarretaratzea, Kultur Etxe ondoan.
EA
Bihar.
– 19:30. Ieko Emakume Taldeak deituta, elkarretaratzea plazan, Indarkeria Matxista Stop, ezta bakar bat gehiago ere lelopean.
FORUA
Bihar.
– 18:30. Musika emanaldia, Tourseko San Martin elizan. Ander Ezkaraik gitarra joko du; Beñat Albizbeaskoetxeak biolontxeloa; eta trikitrixagaz ariko dira Maite Abarrategi, Oihane Badiola, Ane Aldana, Lukene Uriarte eta Julen Manzisidor.
– Ondoren, Bermeoko Erroxape Abesbatzaren kantaldia.
GERNIKA-LUMO
Bihar.
-11:30. Beldur Barik sari lokalak emateko ekitaldia, Elai Alai aretoan.
– 19.30. Berdintasun batzordeak deituta, elkarretaratzea Merkurion.
IBARRANGELU
Bihar.
– 20:00. Elkarretaratzea, udaletxe aurrean.
MUNDAKA
Bihar.
– 18:45. Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako kalejira, Islakale kiroldegitik hasita.
MUXIKA
Bihar.
-Egun osoan. Darfureko emakumeak beste begirada bat Acnurren argazki erakusketa, Zubieta Errotan.
– 19:00. Idoia Lekueren eskutik, Maitasun erromantikoaren mitoak, estereotipoak, eta generoaren sozializazio desberdinak hitzaldia, Zubieta Errotan.