Indarkeria matxistaren aurkako salaketa ozen eta argia
Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako eguna da bihar. Herriz herri hamaika ekitalditan batuko dira herritarrak jendarteko arazoa salatzekoEmakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Eguna da bihar, eta beste urte batez, herritarrak kalera aterako dira jend...
Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako eguna da bihar. Herriz herri hamaika ekitalditan batuko dira herritarrak jendarteko arazoa salatzeko
Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Eguna da bihar, eta beste urte batez, herritarrak kalera aterako dira jendartean errotuta dagoen arazo hori salatu, eta indarkeria matxista desagertzea aldarrikatzeko.Herriz herri elkarretaratzeak deitu dituzte biharko, tokian tokiko udalek zein elkarteek. Horregaz batera, datozen egunetan bertoko zenbait udaletan Azaroaren 25aren inguruko adierazpenak edota mozioak onartuko dituzte aho batez ohiko edo ez ohiko osoko bilkuretan.
Berdintasuna landuz
Hainbat dira urteetan genero-parekotasuna edo genero berdintasuna sustatzeko asmoz lanean dabiltzanak: norbanakoak, udalak, talde edota elkarteak, eragile ezberdinak…
Helburu beragaz ari dira beharrean Gernika-Lumon ere, eta horren adibidea da, esaterako, sortu berri duten Emakumeen Berdintasunerako lehenengo Kontseilua.
Udaleko esparru guztietan emakumeen eta gizonezkoen arteko berdintasuna sustatu gura du kontseilu horrek, eta horregaz batera, pertsona, erakunde eta sektoreen parte hartze zuzena bultzatzea bilatuko du. Eta horretarako, berdintasunari lotutako ekintzetarako beharrezkoak diren bitartekoak proposatuko ditu.
Gizarte Ekintzako Leire Bidaguren zinegotziak zuzenduko du aipatu kontseilua, eta hainbat herriko elkarteetako ordezkariek osatuko dute betiere, emakume batek ordezkatuko dituzte. Aipatutako horiekin batera, udal teknikariak, Allende Salazar Ikastetxea, Busturialdeko Gizarte Zerbitzuetako Mankomunitatea eta udalean ordezkaritza daukaten talde politikoak ere izango dira. Bestalde, norbanako emakumeek ere edukiko dute bertan parte hartzeko aukera.
Jakitera eman dutenez, urtean, gutxienez, hiru aldiz bilduko da Kontseilua, martxan jarri nahi dituzten ekimenak planifikatu eta ebaluatzeko. Hitzordu horiez gain, egoerak hala eskatzen duenean, ez ohiko batzarrak ere egingo dituztela aurreratu dute; esaterako, indarkeria matxista kasuak gertatzen direnetan.
Koordinazio protokoloa
Halaber, indarkeria matxistaren aurrean bere konpromisoa areagotuz, Mutrikuko Udalak genero indarkeriaren biktima diren emakumeen arretarako koordinazio protokoloa aurkeztu zuen astelehenean.
Balizko gertaeren aurrean partaidetza zuzena izan dezaketen erakundeetako ordezkariak ere han izan ziren protokoloa babesten eta sinatzen. Hala, Jose Angel Lizardi alkatearekin batera, Ertzaintzako, Osasun Saileko eta herriko hiru ikastetxeetako ordezkaritza batek sinatu zuen dokumentua.
Herri mailako protokoloa izan arren ere, garrantzizkoa dela nabarmendu zuen alkateak: «Herri mailan komenigarria dela iruditzen zait. Herriak arazo larri honen aurrean konpromisoa hartu du, eta protokolo honen bitartez udalak babesa eman nahi die biktimei». Gaiari aurre egiteko, gainera, erakunde eta herritar denen esku hartzea ezinbestekoa izango dela azpimarratu zuen alkateak.
EMA taldeko kideek, bestalde, horrelako arazoari aurre egiteko baliabide bat eskura izatearren, poztasuna adierazi zuten. Hala ere, gogorarazi zutenez, bertan jaso dena gauzatzeko eta indartzeko, gaur egun Gizarte Zerbitzuen menpe dagoen Berdintasun Zerbitzua sortu beharko litzateke, eta horri behar duen protagonismoa eman. Horretarako, baina, dirua behar dela ere adierazi, eta aurrekontuetan gaiari bere lekua egiteko eskatu zuten EMAkoek. «Bagoaz poliki-poliki, baina oraindik indar gehiago ipini behar da».
Protokoloa prozesu parte hartzaile baten bidez adostu dute. Sinatu duten erakundeez gain, beste hainbat talderen ahaleginarekin, borondatearekin eta esfortzuarekin osatu da dokumentua. Hain zuzen ere, iaz dokumentua osatzen hasi zirenetik hainbat herritarrek parte hartu dute protokoloa osatzen eta euren iritziak ematen, eta denen artean prozedura eta koordinazio mekanismoa zein izan beharko litzatekeen zehaztu dute.