Ibilketa Nordikoari buruzko hitzaldia emango dute bihar, Santanape kiroldegian
Gernika Atletismo Taldeak antolatuta, 19:00etan hasiko da hitzaldia, eta martxa nordikoa ezagutara emateko baliatuko dute.
Hain zuzen ere, iraupen-proba horren nondik norakoak eta ezaugarriak azalduko ditu atletismo taldeko kide batek, eta bertaratzen direnen galderei erantzungo die.
Horrekin batera, Gernikako Atletismo Taldeko kideek Ibilaldi Nordikoarekin lotuta prestatu dituzten proiektuak edo egitasmoak zehaztuko dituzte.
Kirol jarduera horren zaletu direnei, zein orokorrean kirola egitea gustuko dutenei zuzendutako saioa izango da. “Berdin du adinak edota egoera fisikoak”.
Hitzaldian parte hartzeko asmoa dutenek, biharko saioaren inguruko zein bestelako informazioren bat nahi izanez gero, helbide elektroniko honetara mezu bat idatzi dezakete: nwatletismogernika@gmail.com.
Zer da Martxa Nordikoa?
Iraupen kirola da Martxa Nordikoa, eta kanpoan burutzen da ariketa fisikoa. Eskiatzeko erabiltzen diren makilen laguntzaz oinez ibiltzean datza. “Euskal Herrian orain dela gutxi hasi ziren praktikatzen, eta apurka-apurka gero eta zaletu gehiago edukitzera heldu da. Horrenbestez, etorkizun handia daukala uste dugu; erraz ikasten da, eta ondo trebatu eta asko ibiliz gero, bizitza osasuntsua izateko onura ugari eskaintzen ditu”, azaldu dute Gernika Atletismo Taldeko kideek.