Emakumeei zuzendutako autodefentsa ikastaroa antolatu du Mundakako Udalak
Mundakako Udalak, kirol sailaren bitartez, emakumeei zuzendutako autodefentsa ikastaroa antolatu du. 14 urtetik gorako neskek parte hartu ahalko dute ikastaroan.
Mundakako alkate Aitor Egurrolak azaldutakoaren arabera, “Mundakako emakumeek euren burua nola defendatu ikastea da helburua. Arrisku egoeren aurrean seguruago sentitzeko teknikak ikastea gura dugu”. Izan ere, askotan, indarra baino, teknika eta trebetasuna behar izaten direla dio alkateak. Doaneko ikastaroa izango da, eta abenduaren 18an eskainiko dute Islakale kiroldegian. Bi ordu eta erdiko tailerra izango da: 11:00etatik 13:30era.
Ikastaroa Guzman Ruiz Garro Mundakako bizilagunak eskainiko du. Red Marcial-Punto Lila egitasmoaren sustatzaileetako bat da. Emakume bakoitzak bere burua defendatzeko baliabide naturalak eta tresnak landuko dituzte tailerrean.
Autodefentsa ikastaroan parte hartu gura duten emakumeek, baina, derrigorrezkoa izango dute aurretiaz izena ematea. Islakale kiroldegian edo turismo bulegoan eman daiteke izena eta horretarako azken eguna abenduaren 13a izango da. Azaldu dutenez, plaza kopurua mugatua da.