Hainbat izan dira, urtero legez, Muxikako argazki lehiaketan parte hartu dutenak. Hain zuzen, 26 pertsonen lanak jaso dituzte aurten; horietatik 25 lagunek seina argazki bidali dituzte lehiaketara, eta bakarrak lau argazki. Nagusi zein gaztetxoek parte hartu dute –nork bere kategorian–. Sei-zazpi izan dira beraien argazkiak lehiaketara bidali dituzten gaztetxoak, eta nagusiak, berriz, gainontzekoak. Muxikarrak izan dira parte hartzaileen gehiengoa; hala ere, zenbait gernikar eta larrabetzuar bat ere aurkeztu dira lehiaketara.

Elizaldeko bidea. Muxikarren argazki onena. Argazkia: Karmelo Ibarretxe
Guztira, 154 lan aurkeztu dituzte lehiaketara, eta horien artean onena Aitor Gonzalez gernikarrarena dela ebatzi du lehiaketako epaimahaiak. Muxikako argazki onenaren saria, aldiz, Karmelo Ibarretxek jaso du, eta Bilduma onenarena Fernando Perea muxikarrak. Gaztetxoen artean, azkenik, Arai Jaio muxikarraren argazkia aukeratu dute onena legez.
Gaztetxoen artean argazki onenaren saria jasotearren, 60 euroko bonoa eman diote Arai Jaiori, argazkilaritzari lotutako materialean gastatzeko. Gainontzeko hiru irabazleek, ostera, Muxikako jatetxe batean bi pertsonentzako bazkari edo afari bat doan jateko aukera izango dute.
Halaber, lehiaketan parte hartutako guztiek euren lekutxoa izango dute Muxikako Udalaren 2017ko egutegian; izan ere, tamaina txikiagoan edo handiagoan, guztien argazki bana jarriko dute bertan –Bilduma onenaren saria jaso duenaren kasuan, bi argazki–.

Muxikako Argazki Lehiaketako bildumarik oneneko argazki bat. Argazkia: Fernando Perea
Sariak dagoeneko banatuta, parte hartzaileen argazki danak Muxikako Zubieta Errota eraikinean ikusgai jarriko duten erakusketan bilduko dituzte. Datorren aste erditik aurrera, horiek bisitatzeko aukera egongo da 09:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.

Gaztetxoen argazki onena. Argazkia: Arai Jaio.