Munduko Paisaietatik Giza Liburutegira salto egingo dute Gernika-Lumon. Formatuz aldatuta, kulturartekotasuna lantzen jarraituko dute Gernika-Lumoko Udal Liburutegiak, Mankomunitateko Inmigrazio Zerbitzuak eta Ideasurrek. Orain arte, herrialde jakin bati protagonismoa eman badiote ere, aurrerantzean, herrialde gehiago batu, eta horiei guztiei emango diote garrantzia. Beste herrialde batzuetako kultura ezagutzeko asmoz, eta bertakoen bizipenak elkarbanatzekotan, espazio berri bat sortuko dute barikuan, Udal Liburutegian.
Kulturartekotasuna landuz, Munduko Paisaiak egitasmoaren barruan Txina ezagutarazteko zenbait jarduera egin zituzten.
Gernika-Lumotik atzerrira eta atzerritik bertora etorritako herritarrek parte hartuko dute Giza Liburutegi legez deitutako espazio horretan. Hain justu, Perutik, Ukraniatik, Saharatik, Senegaldik eta Torotik etorritakoek eta Ameriketara joan eta etorritakoek beraien sentipenak eta esperientziak elkar trukatuko dituzte, Inmigrazio Zerbitzuak, Ideasurrek eta Udal Liburutegiak sortutako jardueragaz bat egiten dutenekin.
Hain zuzen, barikuan elkartzeko deia egin dute; 18:00etan, Udal Liburutegian. Bertaratu nahi duenak izena eman beharko du 94 627 02 01 telefonora deituta edo liburutegira bertara joanda. Ordu horretatik aurrera, beraz, kafe bat hartuaz, nork bere esperientziak elkarbanatzeko aukera edukiko du, talde txikietan bildu, eta “giro lasai eta konfiantzazkoan” murgilduta.