Etorkizun bete dute belaunaldi berriek
Berrogeita hamar urte, bost hamarkada bete ditu Gernika-Lumoko Seber Altube ikastolak. Herritik sortua, herriagaz ospatu gura izan du urteurrena. Pasealekuan jaialdia egin zuten barikuan.Mende erdi herria eginez. 50 urte bete ditu Seber Altube ikastola...
Berrogeita hamar urte, bost hamarkada bete ditu Gernika-Lumoko Seber Altube ikastolak. Herritik sortua, herriagaz ospatu gura izan du urteurrena. Pasealekuan jaialdia egin zuten barikuan.
Mende erdi herria eginez. 50 urte bete ditu Seber Altube ikastolak, eta beste 50 urte betetzea dute helburu. Etorkizun beteari begira, herritarrekin jaialdia egin zuten barikuan, Pasealekuan.Bertan bildu ziren ikastola sortu, bultzatu eta lehen ikasturteak posible egin zutenak, proiektuaren jarraipena bermatu zutenak eta ikastolak etorkizun bat izatea posible egingo dutenak. Lehen andereñoa, guraso, irakasle eta ikasle ohiak eta gaur egungo ikasle, irakasle, langile, guraso eta beste hainbeste hartu zituen Pasealekuak.
Mende erdi, etorkizun bete. Horixe da 50 urteurrenean Seber Altube ikastolak darabilen leloa. 50. urteurrenean, egindakoagaz «harro» daudela esan zuten barikuko ekitaldi nagusian. Baita etorkizunari begira daudela, «Seber ilusio bat» delako: «Ezina ekinez egin zitekeela sinetsi zuten borondate oneko herritarren ilusioa. Euren seme-alabentzat bestelako mundu bat amestu zuten emakume-gizonen ilusioa. Debekuak gainditu zitezkeela sinetsi zutenen ilusioa».
Ikastolako lehen andereñoa izan zen Pili Alberdik ere parte hartu zuen ekitaldian, bere ikasle izandako batzuen eta hain guraso direnen babespean. Harentzako esker oneko berbak eduki zituen gaur egun ikastolako presidentea den Nagore Iturbek.
Bidelagunak
Hizkuntzaren garrantzia ere nabarmendu zuten, Seber euskara dela esanez. «Zer da, ba, Seber, euskara ez bada?», galdegin zuten. Euskara, mendez mende, ahoz aho eta ezpainez ezpain heldu den altxorra dela azpimarratu zuten.
Eta, hizkuntzatik harago, herria egiteko tresna legez ere aurkeztu zuten Seber Altube ikastola. Seber lankidetza dela, eta egiteko horretan bidelagunak di- tuztela argi utzi nahi izan zuten ikastolakoek: Allende, San Fidel, Mertzede, Barruti, Barrutialde, Gernikako Institutua eta eskualdeko eskola guztiak aipatu zituzten; baina baita kultur eta kirol erakundeak, taldeak eta herritarrak ere.
Geroa landuz
Sustraiak herrian ditu Seber Altubek, eta ohituretatik ere ikasi du ikastolak. Sustraiak sendo, etorkizuna lantzen joan dira bai ikastola bai eta bere ikasleak ere. Bertsolariak, musikariak diren ikasleak, poetak, margolariak, dantzariak, zientzialariak, kirolariak… Etorkizuneko pertsonak hezitu ditu ikastolak, eta horietako zenbait ere ekitaldian egon ziren. Besteak beste, Jon Lopategi bertsolaria eta ikastolan bertsoaren munduan trebatu diren eta ari direnak; Audience, Ken Zazpi edota McOnak taldeetako musikariak; Naia Mandaluniz, Arkaitz Gaztelu eta Galder Urzaa.
Dantzariek, zientzialariek, edota ikastolatik atera diren kirolariek ere beren lekua izan zuten ekitaldian. Eta emakumeek. Gizonen mundua emakume eta gizonena bilakatzeko lan egiten du Seber Altubek, eta hori ere presente izan zuten.