Saharan bizi duten egoera ezagutzera emate aldera, herrialde horren aldeko astea antolatu dute Bat ez da gitxi herri ekimenak eta Bermeoko Besalde Sahararen Aldeko Elkarteak, Astra eta Gernikatik Mundura Gobernuz Kanpoko Erakundearen laguntzagaz.
Sahararen aldeko astearen barruko erakusketa
Astelehenaz geroztik dago Sahararen aldeko astean murgiltzeko aukera; egun horretan zabaldu baitzuten herrialde horri buruzko
doako erakusketa, Astra kulturarako fabrika sozialeko lehenengo solairuan. Erakusketara doanak Saharari buruzko jakinmina asetzeko aukera izango du, bertan jarrita dauden informazio tauletan begiratuta. Eszenatokiak, gainera, Saharara gerturatzen laguntzen du; bertako ohitura eta kulturaren adierazgarri diren oihalak, tea hartzeko tresnak, haima eta bestelakoak baitaude Astran. Horiek ikusi eta ezagutu nahi dituenak aste osoan izango du horretarako aukera, Astra zabalik dagoen ordutegian.
Topaketak eta hitzaldia. Bestalde, sahararrak eta gernikarrak batuko dituen hitzordu bat ere jarri dute Bat ez da gitxik eta Besaldek. Hain justu,
barikurako egin dute deia.
18:30ean, Astran batuko dira couscous eta te dastaketa bategaz gozatzeko. Hori bukatuta,
19:30 inguruan,
hitzaldi bat emango dute leku berean. Salamu Hamudi eta Ouali Omar sahararrak izango dira berbaldia emango dutenak. Saharako egoera azaltzeaz gain, beraien errealitatea zein den ere kontatuko dute.
«Ahaztuta» dagoen Sahara. Zapatuan ere Saharari begira egongo da Gernika-Lumo,
herrialde horren aldeko jaialdian murgilduko baitira. Bat ez da gitxik egiten duen bosgarren jaialdia izango da, eta, antolatzaileek diotenez, aurrekoen «ezberdina» izango da. «Aurreko jaialdiak momentuan bertan bizitako arazo bati lotutakoak ziren, eta horrek inpaktu eta elkartasun handiagoa sortzen du. Saharan, baina, betidanik egon da arazoa, eta jendea ez da horren jakitun. Azken finean, ahaztuta dagoen Sahararen bozgorailua izan nahi dugu», azaldu dute antolatzaileek.
Trinkete txokoak hartuko du zapatuko jaia, 23:00etan hasita, eta sarrerak bertan erosi beharko dira, bost euro eta borondatearen truke. Bertan batutako dirua Saharan martxan dagoen proiektu batera –oraindik erabakitzear dute zeinetara– bideratuko dute.