Garai ezberdinetako Bermeoko 80 udal ordezkari inguruk erabakitze eskubidearen alde sinatu dute
Orain dela 85 urte udal ordezkariek egin modura, 1979tik gaur egunera arteko 80tik gora hautetsi bildu ziren atzo Bermeon. Euskal Herriak bere etorkizuna libre erabakitzeko eskubidea duela adierazten duen dokumentua sinatu zuten, hain zuzen ere, Goiko Plazan egindako ekitaldian. Era berean, bat egin zuten Gure Esku Dagoren (GED) Eskura prozesuaren baitan Bermeon adostutako adierazpenagaz, eta, 2017ko apirilaren 2an egitea aurreikusita dagoen galdeketarekin.
GEDren lan taldeak azaldu legez, “Orain 85 urte, 1931ko uztailaren 12an, Gernikan, hain zuzen ere, Bizkaiko udaletako orduko hautetsiek, Bermeoko eta Mundakako alkateak horien baitan, Euskal Errepublika aldarrikatu eta gure nazioa berregituratzeko borondatea agertu zuten. Adierazpen horrek orduko egoera politikoa astindu zuen”. Domekako ekitaldiagaz orduan sinatu zutena gogoan eduki gura izan dute.
Sinadura bilketa berezia izan zen atzokoa, eta, besteren artean, dantzariek, txalapartariek eta Nagore Beitia bertsolariak parte hartu zuten. Era berean, hautetsi bakoitzak, Errepublika garaiko dokumentu bat jaso zuen.
Domekan Goiko Plazan egindako ekitaldiagaz Eskura prozesuaren baitako sinadura bilketari ekin dio Bermeoko Gure Esku Dagok. “Pozik” daudela azaldu du Ana Tere Bengoetxea GEDren lan taldeko kideak: “Deitutako hautetsi gehienak agertu ziren sinatzera, eta, agertu ez zirenak, ezin izan zutelako izan zen. Herritar ugari bertaratu ziren, gainera. Jende ezberdina batu ginen eta hori da helburuetako bat: Gure galdeketak aurrera egitea pentsaera ezberdinetako jendearekin”. Hala ere, esparru eta adin ezberdinetako jende gehiagorengana iritsi gura dutela dio Bengoetxeak. Horretarako, sindikatuekin, merkatariekin, emakumeen taldeekin, gazteekin…batzarrak egiten hasiko direla esan du. Izan ere, jendearengana, banaka eta taldeka iristeko asmoa agertu dute.
Gutxienez, erroldatutakoen %10ak sinatzea behar dute, “legeak horrela esaten duelako”. Hala ere, kopuru hori gainditzea espero dute. “Orain arte, gure helburuak ondo baino hobeto bete ditugu. Oraingoan, hortaz, sinadura horiek eta gehiago lortzea espero dugu”, esan du Bengoetxeak.
Askorik berba egiten ez bada ere, Bengoetxearen arabera “badaude erabakitzeko eskubidea giza eskubideen barruan daudela esaten duten horiek”. Hala, “legezkotasunaren barruan eta giza eskubideak errespetatuta” aurrera egitea da Gure Esku Dagoren erronka.
Goiko Plazan, lehengo Seaska dendan dute lokala. Eguazten eta bariku iluntzeetan bertan egoten dira. Modu horretan, erabakitzeko eskubidearen alde sinatu gura duten horiek guztiek bi egun horietan izango dute aukera. Prozesu guzti honetako kostuetan lagunduteko, bestalde, loteria saltzen dabiltzala esan du eta lokalan aurki daiteke.
Urtarrilaren 8an, informazioa emateko beste agerraldi bat egingo dute Nestor Basterretxea aretoan.