Erroxapek antolatuta, film emanaldia eta hitzaldia egongo dira asteon
Erroxape Bermeoko Emakumeen Elkarteak antolatuta, film emanaldia eta hitzaldia egongo dira asteon. Zapaturako aurreikusita zeukaten irteera, berriz, bertan behera geratu dela azaldu dute elkarteko arduradunek.
Mioñoko meategira joatea aurreikusten zuten lehenik eta behin, gerora, irteera aldatu, eta, Mutriku bisitatzeko irteera egitekoak ziren. Hala ere, lagun gutxik izena eman dutenez, irteera bertan behera geratu dela jakinarazi dute.
Eguenean, bestalde, hirugarren urtez elkarteak antolatu duen emakumeen zinema zikloaren baitako bigarren filma jarriko dute. Las mujeres de verdad tienen curvas filma ikusteko aukera edukiko dute hilabete honetan. Emakumeei ezarritako edertasunaren estereotipo eta kanonen ingurukoa da filma. Zine foruma ere izango dute; modu horretan, eguenean, Emagineko kide Naroa Argoitiagaz izango dute solasaldia. 18:30ean jarriko dute filma, Erreten parkean elkarteak duen egoitzan.
Barikuan, ostera, legeak aldatu direla eta, seniparteari buruzko hitzaldia antolatu dute, «herritarrak jakinaren gainean egon daitezen». Azalpenak emateko, Bermeoko notarioaren bulegoan lan egiten duen Pilar Hernandez hurbilduko da elkartearen egoitzara, 20:00etan.