Zapatuan Madariaga Dorretxean elkartu ziren ume eta nagusiak. 11:00etan hasi zen nagusien martxa, eta ordu bete beranduago igo ziren bizikletetara umeak.
Nagusien martxan 65 txirrindularik parte hartu zuten, eta tartean ziren BeƱat Intxausti eta Pello Bilbao txirrindulari profesionalak eta Peio Ruiz Cabestany profesional ohia.
Ekoetxea Urdaibain hasita, 23 kilometroko ibilbidea burutu zuten udalerriko txoko ederretan barrena. Paresiko bidean dagoen Alarbin baserriraino elkarrekin joan ziren, eta han hasi zuten martxa. Lehenengoek ordu bete pasatxoan egin zuten proba.
Pello Bilbao, BeƱat Intxausti eta Peio Ruiz Cabestany.
Bestalde, dozena bat ume Madariaga Dorretxearen inguruan prestaturiko zirkuituan ibili ziren nekatu arte. Denak ere pozik eta gogotsu aritu ziren pedalei eragiten, eta txikienek gurasoen laguntza izan zuten zirkuituaren zati batzuetan.
Martxa biak amaitzean salda beroa eta txorizoa prestatu zituzten, eta parte hartzaileek dutxatzeko aukera izan zuten.
Eguraldia lagun izan bazuten ere, aurreko egunetako euriaren ondorioz ibilbideko zenbait zatitan basa topatu zuten. Horregatik, proba amaitzean bizikletak garbitzeko aukera ere eskaini zuten antolatzaileek.
Bestalde, Basati Bike-eko txirrindularitza materiala zozkatu zuten bertaratutakoen artean.
“Balorazio oso ona egin dugu, eta nagusi askok esan digute ibilbide oso polita prestatu genuela”, azaldu du Ismael Bilbao Busturia Txirrindulari Taldeko kideak.
Urtero egiteko asmoa
Busturia Txirrindulari Taldeak, Basati Bike-ek eta Ekoetxea Urdaibaik elkarlanean antolatu dute aurten proba, eta datorren urtean errepikatzeko asmoa dutela jakitera eman dute. “Emaitzagaz oso pozik daude, eta urtero antolatzea da asmoa. Baliteke beste dataren batean egitea, udaberrian edo udan”.