Mende erdi herria eginez
50 urte bete ditu Gernika-Lumoko Seber Altube ikastolak, eta herritarrekin ospatu ditu bost hamarkada horiek. Pasealekuan egin dute jaia, gaur arratsaldean. Bertan bildu dira ikastola sortu, bultzatu eta lehen ikasturteak posible egin zutenek, proiektuaren jarraipena bermatu zutenek eta ikastolak etorkizun bat izatea posible egingo dutenek. Lehen andereñoa, guraso, irakasle eta ikasle ohiak eta gaur egungo ikasle, irakasle, langile, guraso eta beste hainbeste hartu ditu Pasealekuak, gaur.
Mende erdi, etorkizun bete. Horixe da 50 urteurrenean Seber Altube ikastolak darabilen leloa. 50. urteurrenean, egindakoarekin “harro” daudela esan dute gaurko ekitaldi nagusian. Eta etorkizunari begira daudela, “Seber ilusio bat” delako: “Ezina, ekinez egin zitekeela sinetsi zuten borondate oneko herritarren ilusioa. Euren seme-alabentzat bestelako mundu bat amestu zuten emakume-gizonen ilusioa. Debekuak gainditu zitezkeela sinetsi zutenen ilusioa”. Ikastolako lehen andereñoa izan zen Pili Alberdik ere parte hartu du ekitaldian, bere ikasle izandako batzuen eta hain guraso direnen babespean. Harentzako esker oneko berbak eduki ditu gaur egun ikastolako presidentea den Nagore Iturbek. Hizkuntzaren garrantzia ere nabarmendu dute, Seber euskara dela esanez. “Zer da, ba, Seber, euskara ez bada?”, galdegin dute. Euskara, mendez mende, ahoz aho eta ezpainez ezpain heldu den altxorra dela azpimarratu dute. Eta hizkuntzatik harago, herria egiteko tresna legez ere aurkeztu dute Seber Altube ikastola gaurko jaialdiaren ekitaldian. Seber lankidetza dela esan dute, eta egiteko horretan bidelagunak dituztela argi utzi nahi izan dute ikastolakoek: Allende, San Fidel, Mertzede, Barruti, Barrutialde, Gernikako Institutua eta eskualdeko eskola guztiak aipatu dituzte; baina baita kultur eta kirol erakundeak, taldeak eta herritarrak ere. Etorkizun bete. Sustraiak herrian ditu Seber Altube ikastolak, eta ohituretatik ere ikasi du ikastolak. Sustraiak sendo, etorkizuna lantzen joan dira bai ikastola, eta baita bere ikasleak ere. Bertsolariak, musikariak diren ikasleak, poetak, margolariak, dantzariak, zientzialariak, kirolariak… Etorkizuneko pertsonak hezitu ditu ikastolak, eta horietako zenbait ere Pasealekuan izan dira gaur. Besteak beste, Jon Lopategi bertsolaria eta ikastolan bertsoaren munduan trebatu diren eta ari direnak; Audience, Ken Zazpi edota McOnak taldeetako musikariak; Naia Mandaluniz, Arkaitz Gaztelu eta Galder Urzaa.Dantzariek, zientzialariek, edota ikastolatik atera diren kirolariek ere lekua izan dute ekitaldian.
Eta emakumeek. Gizonen mundua emakume eta gizonena bilakatzeko lan egiten du Seber Altubek, eta hori ere presente izan dute gaur.
Irrintziekin amaitu dute ekitaldia, erromeria hasi aurretik.
Argazki galeria ikusgai hemen.