Baskaran Gaztak World Cheese Awards-eko Supergold saria irabazi du
Lehenengoz aurkeztu da Markina-Xemeingo gaztandegia munduko gazta txapelketa garrantzitsuenera. Bost kontinenteetako 3.061 gaztak hartu dute parte sariketanEuskadi-Basque Country International Cheese Festival jaialdiaren barruan Donostiako Kursaalen jo...
Lehenengoz aurkeztu da Markina-Xemeingo gaztandegia munduko gazta txapelketa garrantzitsuenera. Bost kontinenteetako 3.061 gaztak hartu dute parte sariketan
Euskadi-Basque Country International Cheese Festival jaialdiaren barruan Donostiako Kursaalen jokatu den 29. World Cheese Awards lehiaketara aurkeztu diren bost kontinenteetako 31 herrialdeetako 3.061 gaztetatik 66 onenen artean sailkatu da Markina-Xemeingo Baskaran gaztandegiko gazta. 260 adituk osatutako epaimahaiak Supergold sariagaz bereiztu du Santa Mañe deitura daraman gazta ondua.Euskal Herriko bi gaztandegik lortu dute Supergold izendapena munduko gazta txapelketa garrantzitsuenean: Markina-Xemeingo Baskaran Gaztak eta Gabiriako Baztarrika gaztandegikoek. Sari nagusia, berriz, Norbegiako Kraftkar gaztandegiak jaso du.
Artzai Gaztak ere errekonozimendu eta sari berezia eman zien Baskaran Gaztak eta Baztarrika gaztandegiko ordezkariei, Artzai Gazta onenei aitorpena egiten dien saria emanez, eta Markel Olano Diputatu Nagusiaren eskutik elkartearen kaikua jaso zuten. Markina-Xemeingo gaztandegiaren izenean Bidane Baskaran igo zen oholtzara.
Ezusteko pozgarria
Berriatuan lanean zeudela eduki zuten sariaren berri Baskaran Gaztakoek. Hala ere, oraindik zein sari zen zehatz ez zekitela esan dute, Donostiara heldu zirenera arte. «Batez ere seme-alabak tematu zirelako aurkeztu ginen lehiaketara», azaldu du Patxi Baskaranek. World Cheese Awards lehiaketara aurkeztu diren lehen aldia izan da aurtengoa. Orain arte Erresuma Batuan egin dute lehiaketa, baina aurtengoa Donostian zela eta, parte hartzea erabaki zuten. Horrela, azken egunean, izena emateko paperak bete eta bidali zituzten.
Lau gazta bidali zituzten lehiaketara, lau kategoria ezberdinetan parte hartzeko. Irabazlea apirileko gazta dela zehaztu dute. «Gatzagi naturalagaz egindakoa». Izan ere, ardiak era tradizionalean hazten dituztela jakitera eman dute Baskaran familiako kideek. «Buru baltz arrazako ardi latxak ditugu eta euren esneagaz produzitzen dugu dena».
Santa Eufemi azpiko belarragaz hazten dituzte dauzkaten 400 ardiak eta bertan jetzi ondoren, Santa Mañen egiten dute gazta. Hori izan daiteke nazioarteko epaimahaia ere liluratzea lortu duen gaztaren zaporearen sekretua. Dena dela, World Cheese Awards lehiaketako epaimahaia ez da Baskarandarren gaztak estimatzen lehenengoa izan. Urte askotan, sari ugari irabazi ditu gaztandegiak inguruetako azoketan. Bizkaiko lehen saria eta Idiazabal gazta onenaren saria ere badituzte.
Leartiker zentro teknologikoak ere Donostiako Kursaalean ospatzen ari den Cheese Festivalen parte hartu du; hain zuzen ere, Innolact proiektu europarra aurkeztu du. Espainiagaz, Frantziagaz eta Andorragaz elkarlanean daramaten proiektuak esnekien sektore tradizionalari bultzada eman nahi dio, berrikuntzagaz baliatuz.