Umeen eta nagusien BTT martxak egingo dituzte Busturian, zapatuan
Izen ematea doakoa da, eta antolatzaileek aurretik izena emateko eskatu dute. Horretarako, telefono zenbaki honetara deitu behar da: 94-687 04 02. Era berean info@torremadariaga.org helbidera mezu bat idatzi daiteke, izen-abizenak zehaztuz.
Umeek Madariaga Dorretxearen ingurutik burutuko dute zirkuitua, 12:00etatik aurrera, eta nagusiek bertan hasi eta amaituko dute proba. Horiek 11:00etan hasita, 23 kilometroko ibilbidea egingo dute, eta lasai joanda bi ordu inguruan egin litekeela esan dute antolatzaileek.
Nagusien martxara profesional izandakoak gonbidatu dituzte, eta besteak beste, Peio Ruiz Cabestanyk parte hartuko du.
Nagusien probak zailtasunik ez duela azaldu dute antolatzaileek. Izan ere, ahalik eta jende gehienak parte hartzeko asmoz prestatu dute ibilbidea: “Edonork egiteko modukoa egin gura izan dugu, ez profesionalek edo zaletasuna dutenek bakarrik”.
Nagusiak Madariaga Dorretxetik alkarregaz joango dira Paresiko bidean dagoen Alarbin baserrira, eta han hasiko dute proba. Ibilbide gehiena mendi bideetatik dela azaldu dute antolatzaileek.
Alarbin baserritik mendi bide bat hartu, eta Arrietara baserrira helduko dira. Handik Surbituaga baserrira igo, eta baserri ondotik pasatu ostean, Sollube bidera igoko dira. Han mendi bide bat hartu, Larragoko antzinako eskoletatik pasatu, eta Zabale auzora joango dira. Zabaletik Katillotxu auzora pasatu ostean, San Bartolome auzora joan, eta handik Madariaga Dorretxera helduko dira.
Martxak amaitzean, parte hartzaile guztientzat hornidura gunea egongo da Madariaga Dorretxean, eta txirrindularitzako askotariko materialak zozkatuko dituzte.
Halaber, dutxatzeko aukera ere eskainiko dute, eta parte hartzaileek haien bizikletak garbitu ahalko dituzte.
Urtero antolatzeko asmoa
Ekoetxea Urdaibaik, Busturia Txirrindulari Taldeak eta Basati Bike dendak elkarlanean prestatu dute proba, eta jakitera eman dutenez, urtero antolatzea da haien asmoa: “Baina baliteke beste dataren batean egitea, udaberri edo uda partean”.