Aspaldiko usadioari jarraituz, musika izango da hurrengo egunotako protagonista nagusia. Zaindaria goraipatzeko egunak izango dira ondorengo egunak musikari eta musikazale askorentzako, eta ez da omenaldi eta eskaintza berezirik faltako.
Musikarien eguna datorren martitzenean [azaroak 22] baldin bada ere, Busturialdeko musika talde asko eta asko aurretik hasiko dira ospakizunekin, eta datorren asteburura bitartean ugaritzen joango dira. Zaindariaren eguna, esate baterako, gogotik ospatuko dute Bermeon eta Gernika-Lumon.
Santa Zeziliko kontzertua, Gernika-Lumon. Argazkia: Txebi Arriaga
Gernika-Lumon, esaterako, Segundo Olaeta musika eskolako kideek emanaldi berezia eskainiko dute Lizeo antzokian. eta, Bermeon, berriz, Bermeoko Abesbatza eta Bermeotarrak Fanfarrea kalejiran aterako dira, musikarien zaindariari gorazarre egin eta kaleak musika doinuz alaituz.
Gorriz jantzita. Santa Zeziliagaz lotuta, gainera, Musikalean ekintza egingo dute Bermeon. Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteagaz batera koordinatuta, musika kalera aterako dute jai giroan, azaroaren 24an. Iaz kolore berdez jantzi zituzten kaleak, eta aurten, ostera, Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteak ateratako kamiseta gorriekin alaituko dituzte herriko txokoak.
EGITARAUA
- Bermeo
- Azaroak 22, martitzena
-20:00. Bermeoko Abesbatza eta Bermeotarrak Fanfarrea kalez kale ibiliko dira
- Azaroak 24, eguena
-18:00. Musikalean ekimenaren baitan, Musika Eskolako Koro Txiki, Trikitrixa eta Pandero taldeen kontzertuak, Irakaskintza kalean. Euria eginez gero, ez da kaleko ekintza egingo.
- Gernika-Lumo
- Azaroak 22, martitzena
-18:30. Segundo Olaeta musika eskolako 6 urteko umeen abesbatzaren eta K1, K2 eta K3 abesbatzen kontzertua, Lizeo antzokian.
-19:30. Segundo Olaeta musika eskolako fanfarrearen, akordeoi taldearen, gitarra taldearen, orkestraren eta banda sinfonikoaren kontzertua, Lizeo antzokian.