Ondarroako talde bi eta Gernika-Lumoko bat, Gaztea Dantzan lehiaketan
Ondarroako Jazz Dantza Taldekoak eta Gernika-Lumoko Ross dantza eskolakoak dira finalisten artean daudenak. Datorren martitzena da bozka emateko azkenengo egunaEuskadi Gaztearen Gaztea Dantzan lehiaketaren bideo finalisten artean daude Ondarroako Jazz ...
Ondarroako Jazz Dantza Taldekoak eta Gernika-Lumoko Ross dantza eskolakoak dira finalisten artean daudenak. Datorren martitzena da bozka emateko azkenengo eguna
Euskadi Gaztearen Gaztea Dantzan lehiaketaren bideo finalisten artean daude Ondarroako Jazz Dantza Taldeko talde bi eta Gernika-Lumoko Ross dantza eskolako bat. Herritarrek martitzena dute bozka emateko azken eguna. Epaimahaiak hiru sari emango ditu, eta publikoak beste hiru.Ondarroako bi taldeen bideoak Bang my head eta Karmin dira, eta gernikarrena Tears. Dena dela, finalisten artean horiek badaude ere, bi eskualdeetatik bideo gehiago ere aurkeztu dira lehiaketara; jakitera eman dutenez, 70 bideo baino gehiago aurkeztu dira.
Sariak
Finalean 24 bideo daude, eta horietatik herritarrek emandako boto gehien jasotzen duten lehenengo hirurek entzuleen sariak eskuratuko dituzte: 1.000, 500 eta 300 euro.
Sari horiez gain, epaimahaiak beste hiru emango ditu: talde onena (1.000 euro), bakarlari edo bikote onena (500 euro) eta bideo onena (500).
Beraz, martitzenera arte herritarrek egunero eman ahal dute bozka; posta elektroniko bakoitzetik egunean boto bat eman ahal da.
Irabazleak eguaztenean jakitera emango dituzte, DiDa irratsaioan.
Finalistak izateko arrazoiak
Halaber, epaimahaiak bideo finalistak zergatik aukeratu dituzten ere jakitera eman dute. Horrela, Karmin taldeak (I want it all) lan polita egin duela esan dute. «Dantzaz gain, bideoan istorio bat ikusten da. Dantza egiteko keinu batzuek kasinoan croupier lanetan aritzen direnak dirudite. Dantzari onak dira, eta oso ondo dantzatzen dute, baina hobetze aldera, bideolan bat izanik, kameragaz kontaktu gehiago izatea komeniko litzateke».
Tears-ek «energiaz betetako mugimenduak» eskaintzen dituela gaineratu dute. «Bata besteagaz ondo nahasitako pausoak eta ederto sortutako figurak ikusten dira bideoan». Gainera, taldeko kideek mugimendu eta keinu txikiak handitasunez erabili izana nabarmendu nahi izan dute.
Azkenik, Siaren Bang my head abestiaren bideoa egin dutenak «oso ondo koordinatutako taldea» direla esan dute epaimahaiko kideek. «Lurzoru finko batean dantzatzean koreografia polit horrek zailtasuna daukala kontuan eduki beharko genuke. Jazz estiloan dantzatutako koreografia freskoa, bizia eta alaia da».
Hirugarren lehiaketa
Aurtengoa hirugarren lehiaketa da, eta ez da lehenengo aldia ondarrutarrek eta gernikarrek horretan parte hartzen dutena; iazko lehiaketan ere parte hartu zuten.
Gaztea Dantza lehiaketan parte hartzeko ez dagoela adin mugarik jakitera eman dute antolatzaileek.