Murueta A taldea sailkatu da finalera, eta haregaz batera talde hauek lehiatuko dute finala: Ibarra A, Txantrea, Beti Gazte, Ñapurrak eta Ibarra B.
Zapatu honetan, 17:00etan hasiko da lehia, Ibarrako Belabieta Kiroldegian.
Hilaren 5ean Zamudion jokatu zuten Goma Gaineko Euskadiko 4X4 Sokatira Txapelketaren 320 kiloko lehen jardunaldia. Eta aurreko asteburuan, Anoetan lehiatu zuten bigarren jardunaldia.
A multzoan Murueta A taldea nagusitu zen Anoetan. Ibarra A sailkatu zen bigarren, Txantrea hirugarren eta Gabadi laugarren.
B multzoko onena, berriz, Beti Gazte izan zen, eta haren atzetik Ñapurrak taldea sailkatu zen. Murueta B hirugarren sailkatu zen, Ibarra B laugarren eta 6 Conceyos bosgarren.
Muruetakoak Goma Gaineko Euskadiko Sokatira Txapelketan
300 eta 260 kiloetako lehiak
Asteburu honetan 320 kiloko finala jokatu ostean, hilaren 26an lehiatuko dituzte Artziniegan 300 eta 260 kiloetako lehen jardunaldiak.
Bigarren jardunaldia abenduaren 4ean izango da, Asteasun, eta kategoria bietako finalak abenduaren 17an Kortezubin jokatuko dituzte.
300 kiloko lehian 12 taldek parte hartuko dute (bi multzotan banatuta), tartean daude Murueta A eta Murueta B. Horiekin batera talde hauek ariko dira irabazteko lehian: Beti Gazte A, Beti Gazte B, Ibarra A, Ibarra B, Txantrea, 6 Conceyos, Berriozar, Kaskallueta, Ñapurrak eta Ustaritzeko Gazteria.
Bestalde, emakumezkoen 260 kiloko lehian bospasei talde egongo dira. Ibarra, Bizindar, Badaiotz, Txantrea eta Ustaritzeko Gazteria baieztatuta daude, eta Berriozar taldeak parte hartuko duen ala ez datorren astean zehaztuko dute.