Morgako Meakaur auzoan eskola berrizteko lanak egingo dituzte
Eskola zaharraren barrualdea zaharberrituko dute, gimnasio eta erabilera anitzeko gelak jartzeko. Lanak hasi aurretik adjudikazio prozesua egingo dute hilabete honetanMeakaur auzoko eskola zaharra berrituko du Morgako Udalak, herritarrentzako kirol eta...
Eskola zaharraren barrualdea zaharberrituko dute, gimnasio eta erabilera anitzeko gelak jartzeko. Lanak hasi aurretik adjudikazio prozesua egingo dute hilabete honetan
Meakaur auzoko eskola zaharra berrituko du Morgako Udalak, herritarrentzako kirol eta ekintza kulturaletarako gune bat eskaintzeko asmoaz.1946ko eraikinaren egitura mantenduko dute, baina barruko hornikuntza berritu eta irisgarritasuna hobetuko dute. Proiektua oraindik adjudikazio prozesuan dago, baina azaroa amaitu baino lehen lanak nork egingo dituen erabakitzea aurreikusi dute.
Morgako Udalak 81.336,50 euro gehi BEZa inbertituko ditu eraikinaren lanak egiteko. Bere aldetik, Bizkaiko Foru Aldundiak 28.429 euroko diru laguntza emango dio udalari lan horiek burutzeko.
Nahiz eta erabiltzaileentzat arriskutsua ez izan, eraikinaren egoera nahikoa txarra dela dio udalak, burutu den aurreproiektuan. Lan horien bitartez eraikineko bi gelak atonduko dituzte. Orain arte, gela batean zumba ikastaroak eta gimnasia egiten zen, eta aldamenekoan udaleko langileen materiala batzen zuen biltegia zegoen. Orain, biltegia kendu egingo dute, gela hori ere erabilgarria izan dadin.
Gela batean gimnasioa jarriko dute, eta bestean erabilera anitzetarako balio izango duen gunea egongo da, besteak beste, batzarrak eta ikastaroak egiteko. Bien arteko horma kendu eta banatzaile mugikorra jarriko dute, beharrezkoa denean gela biak aldi berean erabili ahal izateko.
Horretaz gain, eraikinaren irisgarritasuna ere hobetuko dute, zerbitzua herritar guztientzako eskuragarri egon dadin. Horretarako leiho bat kenduko dute, ate bat jartzeko bertan. Jarriko dituzten komun eta aldagela berriak ere publiko guztientzako egokituak izango dira
Bestalde, eraikinaren hornikuntza ere berriztu egingo dute, barruko argiteria eta instalazio elektrikoa aldatuz. Ataria ere zaharberrituko dute.
Lanak hiru hilabeteko epean burutuko dituzte, adjudikazio prozesua bukatu eta lanak esleitzen direnean.