Irisgarritasuna bermatzeko lanak ari dira egiten Ibarrangeluko herrigunean
Udalak oinezkoen segurtasuna ere bermatu gura du lan horiekin. Ibilgailuak espaloi gainean ez uzteko eta oinezkoentzako libre geratzeko bola itxurako oztopoak jarriko dituzteIbarrangeluko Udala herrigunean irisgarritasuna eta segurtasuna bermatzeko lan...
Udalak oinezkoen segurtasuna ere bermatu gura du lan horiekin. Ibilgailuak espaloi gainean ez uzteko eta oinezkoentzako libre geratzeko bola itxurako oztopoak jarriko dituzte
Ibarrangeluko Udala herrigunean irisgarritasuna eta segurtasuna bermatzeko lanak egiten ari da. Aurreko astean hasi zituzten lanak, eta abenduaren hasierarako amaitzea aurreikusten dute, bospasei asteko iraupena izanik.Iriste erraztasuna hobetzeko errepidearen albo bateko espaloia zabalduko dute, orain arte nahikoa estua izan delako. Ondorioz, errepidea apur bat estuagoa izango da, baina bide biak mantenduko dituztenez, orain arte moduan, bi ibilgailu arazo barik pasatuko ahalko dira.
Gainera, jendeak espaloi gainean ibilgailuak ez uzteko bola itxurako oztopoak jarriko dituzte. «Horrela oinezkoek espaloian leku gehiago izango dute. Izan ere, herritar asko etorri dira udaletxera kexa horregaz. Hemen ez dago udaltzainik, eta espaloia 24 orduz libre egotea bermatzeko neurri hori hartzea erabaki dugu», azaldu du Jesus Mari Ziluaga Ibarrangeluko alkateak.
Horregaz batera, espaloia eta errepidea maila berean jarriko dituzte, eta orain arte espaloia egon ez den lekuan egon egingo da lanak amaitu ostean. Errepidea asfaltatu egingo dute, eta bertan, abiadura muga zehaztuko dute.
Era berean, banketxerako sarbidean arrapala bat ari dira egiten, aulki gurpildunekin zein umeen karroekin doazen herritarrek bertara sartzeko arazorik ez izateko.
Lanak egiteko 140.000 euro inguruko aurrekontua dauka Ibarrangeluko Udalak, eta kopuru horretatik 28.000 euro Bizkaiko Foru Aldunditik jaso ditu.
Parte hartze prozesua
Elexalde auzoko lanak egiteko bizilagunen iritzia kontuan hartu du udalak. Iaz herritarrekin batzartu ziren, eta irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeko zeuden hiru aukerak azaldu zizkieten. Orduan, guztien artean adostu zuten zein neurri hartu. «Herritarrekin zeresana duten proiektuen inguruko batzarrak egiteko ohitura daukagu, eta herri txikia garenez, kalean haien iritziak ere jasotzen ditugu. Batzarretatik aparte, gurasoekin eta pertsona nagusiekin batu gara, eta horiek haien kezkak azaldu dizkigute», azaldu du Ibarrangeluko alkateak.
Lauzak aldatzea zen aukeretako bat, eta semaforoak ipini eta bide bakar bat uztea zen beste bat. Aukeratu dutena erdibidekoa da.