Ezustekorik ezean, Lointek Gernika Bizkaiak Erregina Kopa jokatuko du
Garaipen bakarra behar du matematikoki sailkatzeko, eta lau partida falta dira lehenengo buelta amaitzeko.
Hain zuzen ere, denboraldiko lehenengo buelta amaitzean (abenduak 17-18 da lehenengo bueltako azken jardunaldia) sailkapeneko lehenengo sei postuetan dauden taldeek jokatuko dute Erregina Kopa.
Lehenengo biak zuzenean sailkatuko dira finalaurrekoetara; beste lau taldeek partida bakarrera kanporaketa lehiatuko dute, eta horietatik bi talde sailkatuko dira. Kanporaketen zein finalaurrekoen partidak zozketa bidez erabakiko dira.
Lehenengo buelta sailkapen buru edo bigarren amaitzea da talde gernikarraren helburua. Gaur gaurkoz sailkapeneko hirugarrena da, 16 puntugaz. Puntu bat gehiagogaz, Perfumerias Avenida da bigarrena, eta 18 puntugaz Spar Citylift Girona da sailkapen buru.
Otsailaren 10etik 12ra jokatuko dute Erregina Kopa. Lekua oraindik ez dago zehaztuta, baina, zurrumurruek diotenez, Salamancako taldeak antolatuko du txapelketa.
Kluben eskaria onartuta
Emakumezkoen Ligako kluben eskariari erantzunez, Espainiako Saskibaloi Federazioak asteon erabaki du Erregina Kopa lehiatzeko aukera sei talderi ematea.