Etxe hutsei %50eko errekargua ezartzea erabaki du udalak
Ondasun Higiezinen Gaineko Zergaren (OHZ) ordenantzan errekargu berria ezarri du Lekeitioko Udalak. Inor erroldatuta ez dagoen etxebizitzek %50eko errekargua ordaindu beharko dute. Joan den egueneko osoko bilkuran hartu zuen erabakia udalbatza osoak. B...
Ordenantzak, hala ere, salbuespen batzuk aurreikusten ditu. Horrela, etxejabea zahar egoitzara joan behar izan bada, esate baterako, ez diote igoera hori ezarriko. «Ez eta lana dela eta, beste herri edo herrialde batean bizitzera behartuak daudenak ere», azaldu du Koldo Goitia Lekeitioko alkateak.
Errekargu hori ordaintzetik kanpo geratuko dira bai eta etxebizitza Alokabiden izena emanda dutenak edo gutxienez bederatzi hilabeteko alokairu kontratua aurkezten dutenak ere. «Urtean gutxienezko gas eta argi indar kontsumoa frogatzen dutenak ere salbu geratuko dira», argitu du alkateak. Horrez gain, etxebizitza bat oinordekotzan jasotzen duenak urte biko salbuespena izango du.
Alkateak jakiera eman duenez, salbuespen horien barruan sartzen direnek epe bat izango dute egoera horretan daudela frogatzeko. Hala ere, etxerik etxe, informazio zehatza zabaltzeko asmoa dutela azpimarratu du.
Arazo soziala
Lekeitiarrek duten arazo nagusienetako bat ez ohiko etxeen kopuru jasanezina dela dio EH Bilduk. Izan ere, 7.300 biztanle ditu Lekeitiok, eta 2.200 bizilekutan ez dago inor erroldatuta.
«Lekeitiarron zati batek ezin du erabili bere herriak duen hiri-ondarea, ez ohiko etxeak direlako. Ondorioz, etxebizitza berriak egiteko herriak duen landa lur apurra okupatzen jarraitzen da. Horrez gain, ez ohiko etxeak, udan alokatzen diren gehiegizko prezioengatik edo alokairu merkatutik kanpo geratzen direlako, eragiten duten prezioaren igoera handia da».
Lekeitioko arazo sozial horri «adarretatik heltzen hasteko», ordenantzari proposamen bi egin dizkiotela zehaztu dute: ohiko bizileku ez diren etxebizitzak, gas eta argindarraren urteko bataz besteko gutxieneko kontsumo batera heltzen ez badira %50ko errekargu bat ezartzea, eta etxejabea zahar egoitzan sartzeagatik hutsik geratu diren etxebizitzak errekargutik salbuestea.
Ordenantzaren onespena txalotu badute ere, errekargu horretatik lortzen den etekina zertara bideratuko den erabakitzeko geratu dela azpimarratu dute, eta etxebizitza politiketarako erabili beharko litzatekeela esan dute.