Aurreko astean hasi zituzten lanak, eta abenduaren hasierarako amaitzea aurreikusten du udalak, bospasei asteko iraupena izango dutela aurreikusi baitute.
Iriste erraztasuna hobetzeko errepidearen albo bateko espaloia zabalduko dute, orain arte nahiko estua izan delako. Ondorioz, errepidea apur bat estuagoa izango da, baina, bi errailak mantenduko dituztenez, orain arte moduan, bi ibilgailu arazo barik pasatuko ahalko dira.
Gainera, jendeak espaloi gainean ibilgailuak ez uzteko bola itxurako oztopoak jarriko dituzte. “Horrela oinezkoek espaloian leku gehiago izango dute. Izan ere, herritar asko hurbildu dira udaletxera kexa horrekin. Hemen ez dago udaltzainik eta espaloia 24 orduz libre egotea bermatzeko neurri hori hartzea erabaki dugu”, esan du Jesus Mari Ziluaga Ibarrangeluko alkateak.
Horregaz batera, espaloia eta errepidea maila berean jarriko dituzte, eta orain arte espaloia egon ez den lekuan espaloia egongo da. Errepidea asfaltatu egingo dute, eta bertan, abiadura muga zehaztuko dute.
24 orduz semaforoekin bideratzen dute ibilgailuen joan-etorria.
Era berean, banketxerako sarbidean arrapala egiten ari dira, aulki gurpildunekin zein umeen karroekin doazen herritarrek bertara sartzeko arazorik ez izateko.
Ibarrangeluko udalak 140. 000 euro inguruko aurrekontua dauka lanak egiteko, eta kopuru horretatik 28.000 euro Bizkaiko Foru Aldunditik jaso ditu.
Parte hartze prozesua
Elexalde auzoko lanak egiteko bizilagunen iritzia kontuan hartu du udalak. Iaz herritarrekin batzartu ziren, eta irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeko zeuden hiru aukerak azaldu zizkieten. Orduan, guztien artean adostu zuten zein neurri hartu. “Herritarrekin zeresana duten proiektuen inguruko batzarrak egiteko ohitura dugu, eta herri txikia garenez, kalean haien iritziak ere jasotzen ditugu. Batzarretatik aparte, gurasoekin eta pertsona nagusiekin batu gara eta horiek haien kezkak azaldu dizkigute”, azaldu du Ibarrangeluko alkateak.
Baldosak aldatzea zen aukeretako bat, eta semaforoak ipini eta errail bakarra uztea zen beste aukeretako bat, eta aukeratu zutena erdibidekoa da.
Frontoiko konponketak
Bestalde, Ibaeta auzoko frontoian zenbait konponketa egiten ari dira. “Egitura arazoak ditu goikaldean. Teilatua konponduko dugu itoginak kentzeko eta erreten edo teilatu-hodia aldatuko dugu, orain artekoa ez delako egokia eta ustelduta dago”, zehaztu du Ziluagak. Horrekin batera, frontoiaren atzean dauden zuloak edo hutsuneak estaliko dituzte.
Frontoiko lanak egiteko 20.000 euroko aurrekontua dute, eta horietatik 7.000 euro inguru Aldundiaren diru-laguntzarenak dira.