Jende asko batu dute Lekeitioko jardunaldiek
Herriko historiaurrea, erromatar garaia eta Erdi Aroa ezagutzeko aukera egon ziren zapatuan, Lekeition. Hiru hitzaldi egin ziren goizean kultur etxean Belen Bengoetxea arkeologoaren, Jose Luis Arriba historialariaren eta Ana Martinez arkeologoaren esku...
Eguraldi oso txarra egin bazuen ere, asko eta asko izan ziren aterkiak eskuan hartu, eta herrian zehar Peredaren azalpenak entzutera animatu zirenak. Bisita gidatua herriko plazan hasi zen, eta handik herriko ondare eta historia mailan garrantzia handia duten hainbat toki bisitatzen ibili ziren.
Lehenengo geldialdia hilerriko sarrera aurrean egin zuten. Bertan, Erdi Aroan eraikitako harresia gertutik ikusten ibili ziren. Mendeetan barrena, harresiak hainbat aldaketa jasan ditu, eta begien bistan ageri diren eraikitze geruzen berri eman zuen Peredak, bai eta bertan erabilitako materialari buruzko beste hainbat azalpen ere.
Harresiaren ondotik jarraitu zuten bisita, eta hiribilduaren sarrera ateen ingururaino ailegatu ziren. Oraindik mantentzen diren aztarnak ikuskatu eta ingurua zer nolakoa izan zitekeen jakiteko aukera eduki zuten. Bisitariek, oro har, beste garai batzuetara atzera egiteko aukera eduki zuten.
Horrez gain, herrian egindako indusketetan egon diren aurkikuntzen berri ere eman zuen Peredak. Tartean, inoiz Euskal Herrian aurkitu diren hamabost tina garrantzitsuenei buruz aritu zen arkeologoa; Beheko Kalean aurkitu zituzten tinak, duela urte batzuk.