Estereotipoen kontrako leihoa
Irati Gaztelurrutia ondarrutarrak eta Marina Gallastegik 'No size ladies' proiektua egin dute. Berdintasunean oinarrituz, edertasun estereotipoak haustetik harantzago doan egitasmoa da.Edertasunak ez dauka mugarik. Eta esaldi hori hasiera-hasieratik ar...
Irati Gaztelurrutia ondarrutarrak eta Marina Gallastegik ‘No size ladies’ proiektua egin dute. Berdintasunean oinarrituz, edertasun estereotipoak haustetik harantzago doan egitasmoa da.
Edertasunak ez dauka mugarik. Eta esaldi hori hasiera-hasieratik argi eta garbi adierazten dute. Joaten diren lekura joanda ere, edertasuna aniztasunean dagoela azaltzen dute. Orain, pauso bat harantzago joan dira: gizarteak aldaketa behar duela ikusita, No Size Ladies leloagaz webgunea zabaldu dute (www.nosizeladies.es). Proiektuaren sortzaileetako eta bultzatzaileetako bat da Irati Gaztelurrutia ondarrutarra. Marina Gallastegigaz batera, berdintasunetik abiatuz genero eta edertasun estereotipoen aurka egiteko bide berriak irekitzen ari dira bi gazteak.«Modelos XL casting-ean ezagutu ginen lau neska hasi ginen, eta orain bi gara. Gutxinaka-gutxinaka, sinisten duguna eginez, No Size Ladies proiektuari forma eman diogu», dio Gaztelurrutiak. Hasieratik, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasuna oinarri hartuta, edertasunaren estereotipoak hautsi eta aniztasunaren alde egin nahi dutela dio ondarrutarrak. «Hilabete batzuk daramatzagu honekin, eta orain oihartzuna eduki dugu». Oihartzun horregaz pozik daudela dio Gaztelurrutiak. «Lan handia dago atzean, eta poztekoa da oihartzuna edukitzea».
Proiektu zabala
Gainera, gutxinaga, egunez egun jauzi txikiak ematen ari dira. Horrela, euren helburuagaz lotuta Interneten aurkitzen zituzten gauza interesagarriak partekatzetik, material propioa sortzera pasatu dira orain. «Hasieran besteen gauzak elkarbanatzen genituen sare sozialetan. Baina gerora, gure bizipenetan eta pentsaeran oinarrituz, material propioa ere sortzen hasi gara».
No Size Ladies azaletik haratago doan egitasmoa dela dio Gaztelurrutiak. «Egia da proiektuaren zutabe nagusienetako bat edertasunaren dibertsitatean dagoela oinarrituta. Baina diskurtso horren gainetik, zerbait sakonagoa da eskaini nahi duguna». Eta beteko duten funtzio horregaz gizarteak behar duen aldaketan mugimendua sortu nahi dutela dio. «Eremuak handitzen goaz. No Size Ladies-ek ez du bakarrik gure ahotsa hartzen, eta hori da nahi duguna. Ez dugu nahi inor bakarrik sentitzea; ez dugu inor baztertzen. Nahi duguna da jendea aske sentitzea eta adieraztea, eta guztion artean, besteak beste, lodifobia desagerraraztea».
‘Bullying’-aren aurka
Horren adibide da, baita ere, bullying-aren aurka egiteko Interneteko beste plataforma baten hasi duten sinadura bilketa (Change.org). «Bullying-aren iturria ere edertasun eta kolore ezberdina edukitzetik hasten da, eta horretan ere sartu nahi izan dugu». Nork bere burua maitatzeko aldarria eginez, autoestimua lantzeko eskatzen dute.
«Ez gara loditasunaren aldekoak. Badakigu osasuna zer den eta horri garrantzia ematen diogu». Baina edertasun fisikoak sortzen duen diskriminazioaz ere kontziente direla diote. «Edertasuna ez dago mugatuta; edertasuna aniztasuna da».
Gaztelurrutiak, gainera, edertasunaren estereotipoak hautsi dituzten emakumeen inguruko ikerketa bat egin berri du. «Proiektu horrek lan hori egitera ere bideratu nau».
Egiten dutena ilusioz eta pasioz egiten dute. Sare sozialak, webgunea… Eta hazten eta ametsak errealitate bihurtzen jarraitzeko asmoa dute.