Bizkaiko Eskola Arteko Kiniela Txapelketako finalistak, erabakita
Durangon jokatu dute txapelketako azken jardunaldia. Txikietan Arakis, Amets, Arratibel eta Izaro sailkatu dira; , alebinetan Liher, Kobeaga, Arrasate eta UritzDomekan jokatu zen Durangon zesta-puntako Bizkaiko Eskola Arteko Kiniela Txapelketako azken ...
Durangon jokatu dute txapelketako azken jardunaldia. Txikietan Arakis, Amets, Arratibel eta Izaro sailkatu dira; , alebinetan Liher, Kobeaga, Arrasate eta Uritz
Domekan jokatu zen Durangon zesta-puntako Bizkaiko Eskola Arteko Kiniela Txapelketako azken jardunaldia; eta, azken puntuak lortuta, erabakita geratu dira finalean egongo diren pilotariak.Txikien A multzoan, abantaila handiagaz sailkatu da Arakis markina-xemeindarra. Atzelarien artean, berriz, norgehiagoka egon da Amets berriatuarraren eta Markina-Xemeingo Atainen artean. Azkenean, puntu bakarreko aldeagaz lortu du finaletarako pasea Ametsek. 44 puntu lortu ditu berriatuarrak, hain zuzen, eta 43 Atainek. Horrela, Atain ordezkoa izango da, Iñigo markina-xemeindarragaz batera.
Txikien B multzoari dagokionez, Arratibel gernikarra eta Izaro markina-xemeindarra sailkatu dira finalerako, eta Txomin eta Astelarra izango dira ordezkoak.
Alebinen mailan ere argi egon dira finalistak. A multzoan Liher eta Kobeaga gernikarrak eskuratu dituzte puntu gehien. Liherrek Gernika-Lumoko jardunaldia ezik, beste hirurak irabazi ditu eta finalerako aukera eskuetan zuen atzoko kinielak jokatu aurretik ere. A multzoko ordezkoak Danel eta Txurruka markina-xemeindarrak izango dira.
Finala, abenduan
Alebinen B multzoan, azkenik, Arrasate markina-xemeindarra nagusitu da jardunaldi guztiak irabazita, eta Uritz berriatuarra izango du bikote. Multzo horretako ordezkoak Aitzol eta Ander gernikarrak izango dira.
Giro polita egon zen Durangoko frontoian, eta gogo handiagaz atera ziren pilotariak Ezkurdiko kantxara azken puntuen bila. Abenduan jokatuko dute finala.