Auzitegi Nazionalaren ebazpenaren zain geratu da Tetxu Meabe Derteano
Atzo goizean eduki zuen epaiketa Madrilen, eta autobus bete jendek lagundu zion bertaraino. 200 lagun inguru elkartu ziren zapatuan, Eskolapean, lekeitiarraren kontrako auzia salatzekoEpailearen aurretik igaro ondoren, ebazpenaren zain geratu da Tetxu ...
Atzo goizean eduki zuen epaiketa Madrilen, eta autobus bete jendek lagundu zion bertaraino. 200 lagun inguru elkartu ziren zapatuan, Eskolapean, lekeitiarraren kontrako auzia salatzeko
Epailearen aurretik igaro ondoren, ebazpenaren zain geratu da Tetxu Meabe Derteano lekeitiarra. Epaiketa eduki zuen atzo goizean Madrilen dagoen Espainiako Auzitegi Nazionalean, Jabi Goitia Kabi-ren heriotzaren urtemuga ekitaldia antolatzea egotzita.10:30ak aldera hasi zen epaiketa lekeitiarraren deklarazioagaz, eta 12:00ak jota amaitu zen. Meabek berretsi zuenez, ez zen aipaturiko ekitaldian egon eta ez zuen inork identifikatu.
Ertzainek eta perituek azalpenak eman zituzten ondoren, eta defentsak aurkeztu zituen bi testiguen txanda heldu zen azkenean. Epaiketagaz amaitzeko, fiskalak eta defentsak euren alegazioak aurkeztu zituzten.
«Defentsaren argudioak gailendu zaizkio fiskalari, hala ere horrek ez du ebazpena argi uzten», adierazi du Meabek konfiantza gehiegirik barik. Horrelako epaiketetan emaitza jakiterik ez dagoela dio. «Badakigu zelan jokatzen duen Espainiako Auzitegi Nazionalak horrelako kasuetan», adierazi du.
18 hilabeteko espetxe zigorra, isuna eta administrazio publikoan lan egiteko hamar urtetako gaitasungabetzearen eskaria mantendu zuen, atzo ere, fiskalak. Defentsak, berriz, absoluzioa eskatu zuen.
Elkartasuna
Tetxu Meabe Derteanoren aurkako auzia, jazarpen politikotzat jo dute zenbait alderdi politiko eta erakundek, Lekeitioko EH Bilduk eta Sortuk besteak beste. Eta asko izan dira bai eta lekeitiarrari elkartasuna adierazi nahi izan dioten herritarrak ere. Horrela, 200 lagun inguru elkartu ziren joan den zapatuan Lekeitioko Eskolapean «oroimena ez dela delitua» aldarrikatu eta Meaberi babesa erakusteko.
Atzo bertan ere, autobus bete jendek lagundu zion Meaberi epaitegiraino, nahiz eta, auzi gela txikia izanik, hogei lagunek besterik ez zuten sartzeko aukera izan.