Maleta bete elkartasun Saharara
Fronte Polisarioaren euskal ordezkaritzagaz batera, Tinduf-eko kanpalekura joango dira Irati Ruiz, Unai Leon, Eneko Bedialauneta, Asier Rivera eta Urki Olaetxea.Bost gazte ondarrutarrek Tinduf-eko (Aljeria) saharar iheslarien kanpalekura elkartasun bid...
Fronte Polisarioaren euskal ordezkaritzagaz batera, Tinduf-eko kanpalekura joango dira Irati Ruiz, Unai Leon, Eneko Bedialauneta, Asier Rivera eta Urki Olaetxea.
Bost gazte ondarrutarrek Tinduf-eko (Aljeria) saharar iheslarien kanpalekura elkartasun bidaia egingo dute abenduaren 2tik 10era, Fronte Polisarioaren euskal ordezkaritzagaz batera.Irati Ruiz Zabala, Unai Leon Basterretxea, Eneko Bedialauneta Arrizabalaga, Asier Rivera Arantzamendi eta Urki Olaetxea Arkotxak, hain zuzen ere, beste dozenaka euskaldunegaz batera egingo dute egonaldia.
Bost gazteek nabarmendu dutenez, ia urtebete daramate bidaia antolatzen. «Iaz gure familiara etortzen den umearen familia ezagutzera joan nintzen Tinduf-era, eta handik sortu zen kanpalekuak ezagutzera joateko ideia», azaldu du Eneko Bedialaunetak.
Bedialaunetak iaz etxekoekin bizitako esperientzia lagunartean elkarbanatu zuen, eta, azkenean, Tinduf-era joan nahi zuen taldea osatu zuten. «Hasiera batean, bik pentsatu genuen joatea, eta pixkanaka jende gehiago animatu da», gaineratu du.
Bidaia egiteko ideia orain urtebete bururatu bazitzaien ere, udan hasi ziren dena zehatzago antolatzen, Tinduf-eko kanpalekuko wilaya batean bizi den lagun baten bisitaren ostean. «Urte askoan Ondarroako familia batera etorritako Mohamedekin batera egoteko aukera eduki genuen udan. Berak hainbat zehaztapen eman dizkigu», azaldu du taldeak. Mohameden bitartez, hainbat gauza antolatzeko aukera izan dute gazteek; besteak beste, lotarako lekua aurkitu dute lagunaren bitartez.
Beharrak asetzeko nahia
Lagunari esker, gainera, kanpalekuan zer falta egiten duen jakiteko aukera izan dute. Eta hori dela eta, laguntzaz beteta joango dira Ondarroatik Afrikara. «Mohamed osasungintzako arloan dabil laguntzen, eta udaran etorri zenean, zerk falta egiten zieten galdetu genion. Ahal dugun neurrian, botikak eramatea eskatu zigun».
Kanpalekuan daudenen premiak asetze aldera, botika bilketa egitea bururatu zaio taldeari. «Gehienez jota, bakoitzak 30 kilo pisatzen duen maleta bana erregistratu ahal dugu. Gure gauzak eskuko motxila txiki batean eramango ditugu, eta maletan, ostera, ahalik eta laguntza gehien eramaten saiatuko gara. Guztira, 150 bat kilo».
Laguntza jasotzen hasita daude, eta nahi duenak turismo bulegoan ipinitako kutxan utz ditzake botikak, azaroaren 18a arte. «Behar diren botikekin zerrenda bat osatu dugu, eta, solik, zerrenda horretako botikak ekartzeko eskatu nahi diegu herritarrei. Beste botika batzuk eramanez gero, beharbada, ez dakite horiek nola erabili. Arrazoi horregatik zerrenda horretakoak ekartzeko eskatu digute».
Gazteek nabarmendu dutenez, bilketa, oraingoz, martxa oso onean doa. «Oso pozik gaude. Jendeak botika asko ekarri du, pentsatzen genuena baino gehiago, baina gehiago behar ditugu». Iraungitako botika nahikoa ere jaso dute, eta horiek ezin dituztela eraman ere gogorarazi dute.
Ilusioz betetako maletak eskuan joango dira bost gazteak Saharar errefuxiatuen kanpalekuetara, eta han egongo diren egunetan, errefuxiatuei laguntza bideratzen ibiliko dira. «Mohamedek esaten digunaren arabera laguntzen saiatuko gara. Berak hainbat zereginen zerrenda bat emango digu, eta behar duten tokietan laguntzeko asmoa daukagu».
Aurreratu dutenez, esperientzia irudietan jasotzeko asmoa ere badaukate. «Ez dugu nahi bidaia xume bat izatea. Irudi batzuk grabatuko ditugu, eta etorkizunean dokumental antzerako bat egin nahi dugu, han zer pasatzen den eta egunerokoan zer nolako egoera bizi duten azaleratzeko. Jendarteak beste errealitate batzuen kontzientzia hartzea nahiko genuke».
Elkartasun keinuak
Kanpalekuetara bidaia eta beharrezko gastuak ordaindu ahal izateko, bestalde, hainbat ekimen ipini dituzte martxan. «Bidaia finantzatzen laguntzeaz gain, herritarrak han bizi duten egoeragaz jabetzea nahi dugu. Ekintza horien bidez, hain zuzen ere, herritarrak sentsibilizatzen saiatuko gara».
Zozketa bat egin dute, eta, horrez gain, beste hainbat ekitaldi antolatu dituzte Saharako herriaren aldeko elkartasun modura. Biharko, esate baterako, Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuan egondako eskualdeko brigadista baten hitzaldia antolatu dute. «Lurralde okupatuetan bizi duten errealitate gordina hona ekartzea oso garrantzi- tsua iruditu zaigu».
Datorren astean, berriz, gaiari buruzko dokumentalaren proiekzioa eta elkartasun bazkari bat egingo dituzte. Aurreratu dutenez, bazkarirako txartelak Anaitasuna eta Kulixka tabernetan daude salgai. Eta, ohikoa den modura, kontzertuekin amaituko dituzte ekimenak. Datorren zapatu gauerako kontzertuak iragarri dituzte, eta azpimarratu dutenez, giro onik ez da faltako goizeko ordu txikiak arte.