Korrikaren lehenengo pausoak, zuri-beltzean
1980. urtean egin zen lehendabiziko Korrika. Eta orduan bizitakoa gaur egun ere gogoan dute herritarrek. Oroitzapenen artean, emozioa, esperantza, urduritasuna eta boluntarioen lana nabarmendu dituzte.Forondako (Gasteiz) airepotua inauguratu, lehenengo...
1980. urtean egin zen lehendabiziko Korrika. Eta orduan bizitakoa gaur egun ere gogoan dute herritarrek. Oroitzapenen artean, emozioa, esperantza, urduritasuna eta boluntarioen lana nabarmendu dituzte.
Forondako (Gasteiz) airepotua inauguratu, lehenengo Eusko Legebiltzarra aukeratu, Gasteiz Euskal Autonomia Erkideko hiriburu izendatu, euskaldunak Everesteko gailurrera ailegatu… 1980. urteak askorako eman zuen. Baina euskalgintzak, eta oro har, euskarak, bestelako jauzi bat eman zuten urte horretan, hizki handiz idaztekoa. Hain izan zen jauzi handia ze, oraindik orain, hainbat herritarrek orduan emandako pausoek indartsu jarraitzen duela aurrera egiten: 1980. urteko azaroaren 29an, lehenengo Korrika egin zen.Gaur egun emozioa eta zirrara sortzen dituen ekimena esperantzak eta ezjakintasunak inguratuta jaio zen, baina lehenengo Korrika hori antolatu zutenek argi zuten euskara Euskal Herri osora zabaltzeko bateko eta besteko herritarren bultzada beharrezkoa zela. Lekukoari helduta, Zuk ere esan bai euskarari leloa kilometroz kilometro zabaldu zuten milaka herritarrek.
Lekukoen testigantzak
Duela 36 urte bizitakoa «handia» izan zela diote urte hartan euskalgintzan lanean ari ziren Lea-Artibai eta Busturialdeko herritarrek. Begirada atzera botata, bakoitzak 1980. urtean bizitakoa kontatu dio HITZA-ri.
Agurtza Zubikarai Ondarroako AEK-ko irakaslea da gaur egun. Lehendabiziko Korrika egin zenean, baina, ikaslea zen. «Lehenengo Korrika antolatu genuen zer zen jakin barik». Dena dela, herritarrengandik jasotako erantzuna ona izan zela dio. «Erantzuna on-ona izan zen, bai lanerako bai eta ere parte hartzeko». Orduan eta gaur egun ere, sentimendu kontrajarriak ditu. «Emozioa eta tristura sentitzen ditut. Emozioa, Korrika pasatzen denean emozionatzekoa delako. Eta tristura, hutsune bat sentitzen dudalako. Azken finean, Korrika momentu baten pasatzen da, eta nik beti pentsatzen dut: ‘Jende hau guztia non dago egunerokotasunean?’».
Alberto Gabikagogeaskoa lekeitiarrak urteak daramatza Busturialdean bizitzen, eta oso presente dauka orduan bizitakoa: «AEK nahikoa hasibarria zen garai hartan, eta argi geneukana zen Korrika Euskal Herri osokoa izan behar zela». Gabikagogeaskoak Maulen egin zuen korrika, Busturialdeko beste dozena erdi bat lagunekin batera. «Gogoratzen dut elurra egin zuela Maulen, eta jende gutxik lagundu zigula». Hasieratik, baina, Korrika interesgarria izango zela argi zeukan. «Egin zen momentutik, argi genuen hurrengo Korrika hobea izango zela, eta hurrengoa oraindik ere hobea». Denaren gainatik, ekimena herritarrek bultzatu zutelako egin zela dio. «Korrika egin ahal izan bazen, boluntarioei esker izan zen; herriaren aldetik bultzada handia izan zen».
Edurne Brouardek, ostera, lehenengo Korrikan esperantza eta urduritasuna zirela nagusi dio. «Euskal Herri osoa hartu behar zuen ekimena egiteko esperantza handiak genituen. Baina zalantza handia ere bai. Inork ez zekien hark zer emango zuen; urduritasun handia genuen».
Brouardek lehenengo Korrikaren Bilboko azkenengo kilometroak dauzka gogoan. «Itsasontziek turrunak jo zituzten, kanpai hotsak entzuten ziren… Hainbeste jende euskararen aldeko halako manifestazio baten parte hartzen ikustea sekulakoa izan zen; Kale Nagusia jendez bete-bete egin zen».
Bilboko lehengo erakustazokan amaitu zen Korrika hura. Baina amaitu baino, ordukoa hasiera besterik ez zela izan esan ahal da gaur egun.