Hondakin organikoak batzeko kanpaina hasiko dute zenbait herritan
Partaidetzaren arabera jarriko dituzte edukiontziak eta konpostagailuak herrietan. Gaur arratsaldean batzar informatiboak egingo dituzte, Arratzun eta Muxikan
Hondakin organikoak batu eta kudeatzeko kanpaina hasi dute Busturialdeko zenbait herritan. Ekimen horren bidez, udalek, Busturialdeko Mankomunitateak eta Bizkaiko Foru Aldundiak zabor poltsa osatzen duten hondakinen %40 inguru konposta egiteko baliatu nahi dute. Herritarren parte hartzearen arabera, edukiontziak eta konposterako guneak jarriko dituztela jakinarazi du Josu Sabin Olano, Mankomunitateko presinde eta Arratzuko alkateak.
Arratzu, Gautegiz Arteaga, Elantxobe, Ibarrangelu, Kortezubi, Mendata, Muxika eta Gernikan-Lumon hasiko dute urtarrilera arte iraungo duen informazio eta sustapen kanpaina.
Antzeko prozedura jarraituz, Gernika-Lumon udalak berak hartu du ekimen hori antolatzeko ardura, gainontzeko herrietan Mankomunitateak gidatuko duen bitartean. Gaur bertan, 19:00etan, batzar informatiboak egingo dituzte Arratzuko Loiolako kultur aretoan eta Muxikako Zubieta Errotan. Hurrengo batzarrak Gautegiz Arteaga eta Ibarrangeluko kultur etxeetan izango dira, azaroaren 16an eta 18an, hurrenez hurren.
Batzar informatibo horietan kudeaketa sistema berri horren ezaugarriak aurkezteaz gain, herritarren inskripzio faseari hasiera emango diote.
Kudeaketa sistema ezarrita dagoenean, itxita egongo diren bosgarren edukiontzi marroiak erabiltzeko giltza, poltsa biodegradagarriak eta hamar litroko edukiontziak dohainik banatuko dizkiete interesa duten herritarrei.
Kudeaketaz eta azterketaz arduratuko den IK4 Azterlan enpresako teknikari Ander Areitiok azaldu duen bezala, sistema horren bidez birziklapenerako hartu ezin dituzten beste hondakinekin nahasketa ekidingo dute. Nahi izanez gero, autokonposta etxean burutzeko, familiei 340 litroko konpostontzi bat, materialak nahasteko aireztagailu bat eta gida liburu bat ere emango dizkiete.
Atez ateko bilketa
Gernika-Lumoko garbiketaz arduratzen den Cespa enpresagaz duela gutxi berritu duten kontratuan hondakin organikoak batzeko bosgarren edukiontzia eta atez ateko zerbitzua ezarriko dutela nabarmendu du Maria Uribe Gernika-Lumoko Ingurumen zinegotziak.
Zerbitzu berri horren ezarpena hurrengo hilabeteetan egingo den azterketa kanpainaren ondorioz aterako diren emaitzetan oinarrituko da; jarriko diren edukiontzien kokalekua, konposterako guneak eta atez ateko zerbitzua zehazteko.
Atez ateko bilketa, fruita dendetan, jatetxeetan, eskoletako edo egoitzetako jantokietan eta zabor organikoa sortzen duten beste guneetan egingo dute. «Zerbitzu horren bidez, herrian ahalik eta birziklatze tasa handiena lortu nahi dugu», adierazi du Uribek.
Momentu horretan, gainontzeko herrietan bezala, azterketa eta sustapen kanpaina hasi dute, herritarren inplikazio maila neurtu eta edukiontzien kokapena erabakitzeko. Hala ere, herriko puntu batzuetan edukiontzi guztiak batuko dituzten gune berdeak jarriko direla aurreratu du Uribek.
Herritarrek hala erabakiko balute, Lorategieta eta Santa Luzia auzoetan konposterako gune bana jarriko lukete, autokonposta egin ahal izateko.
Sustapen prozesuagaz hasteko, herriko postontzietan ekimen horren berri ematen duen informazioa banatu dute, eta udalean eskuragarri daude bosgarren edukiontzia erabiltzeko materialak.
Prozesu hori guztiori Bizkaiko Foru Aldundiaren diru laguntzekin finantzatuko da, eta batzen diren hondakinak Bilboko Artigas konspoterako gunera eramango dituzte, han birziklatzeko.