Udal ordezkariak herritarrekin batzartuko dira asteburuan
Udalaren eta herritarren hartu-emana sendotzeko baliatuko dituzte batzarrak. Bizilagunen kezkak eta ardurak ezagutu, eta iazko gaiak errepasatu gura dituzteHerritarrekin batzartzeko hitzordua jarri du Ziortza-Bolibarko Udalak astebururako.Iaz egin modu...
Udalaren eta herritarren hartu-emana sendotzeko baliatuko dituzte batzarrak. Bizilagunen kezkak eta ardurak ezagutu, eta iazko gaiak errepasatu gura dituzte
Herritarrekin batzartzeko hitzordua jarri du Ziortza-Bolibarko Udalak astebururako.Iaz egin moduan, bizilagunen arazoak eta ardurak modu zuzenean ezagutzeko asmoz, auzoz auzo herritarrekin batzartuko dira aurten ere. Modu berean, iritziak elkartrukatzeko ere aprobetxatuko dute.
Iazko batzarren balorazio oso positiboa egin zuen udalak; parte hartze zabala izan zuten, eta askotariko ekarpenak jaso zituzten. Horregatik, udalak asteburuko hitzorduetara bertaratzeko deia zabaldu die bizilagunei, eta azaldu dute aurrekoen ildo beretik burutuko dituztela zapatu eta domekako batzarrak.
2017ko plangintza
Alberto Garro Ziortza-Bolibarko alkateak azaldu duenez, iazko auzo batzarretan landutako gaien errepasoa egingo dute. Hau da, zer egin den eta nola, eta oraindik egin gabe dauden gauzak zergatik ez diren egin azalduko dute.
Halaber, datorren urtera begira udalaren plangintza zein den zehaztuko diete herritarrei. «Haien ekarpenak eta iritziak kontuan hartuta zehaztuko dugu datorren urterako aurrekontua. Gutxi gorabehera badakigu zer diru izango dugun, eta horren arabera auzo bakoitzean zer egin litekeen», esan du Garrok.
Herritarrek haiengana jotzeko eta ekarpenak egiteko ohitura izatea nahi dute udal ordezkariek: «Batzarrak, gehienbat, herritarrei entzuteko dira, harreman zuzena izateko».