Kamiñaldeko lanek finantzatze akordio barik jarraitzen dutela dio udalak
Kamiñaldeko lanen kostuari aurre egiteko duen zorpetzeko ahalmena zehazteko eskatu diote udalari. Udalak nabarmendu duenez, Kamiñaldeko lanekin ezin da %100ean zorpetuOndarroako Udalak Kamiñaldeko mendi magaleko gaia lantzen ari den lantaldeagaz bat...
Kamiñaldeko lanen kostuari aurre egiteko duen zorpetzeko ahalmena zehazteko eskatu diote udalari. Udalak nabarmendu duenez, Kamiñaldeko lanekin ezin da %100ean zorpetu
Ondarroako Udalak Kamiñaldeko mendi magaleko gaia lantzen ari den lantaldeagaz batzarra egin zuen atzo. Eta udal ordezkariek diru kontuei aurre egiteko akordio bategaz bueltatuko zirela uste bazuten ere, oraindik akordiorik barik jarraitzen dutela zehaztu dute. Udalaren iritziz, prozesua geldo doa, eta «aurrerapauso txikiak» eman ziren atzoko bileran.Batzarrean, gainera, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek lanen kostuari aurre egiteko duen zorpetzeko ahalmena zehazteko eskatu zioten Ondarroako Udalari. Zunbeltz Bedialauneta Ondarroako alkateak nabarmendu duenez, udala ezin da Kamiñaldeko lanekin %100ean zorpetu. «Herrigintzan inbertsio ugari egin behar ditugu Ondarroan, ezin dugu guztia Kamiñaldeko mendian inbertitu». Are gehiago, zorpetze maila altu batek luzera begira herrirako proiektuak garatzeko ezintasuna ekarriko lukeela eta hori saihestu behar dela gaineratu du Bedialaunetak.
Urtarriletik aurrera
Eusko Jaurlaritzak, bere aldetik, urtarrilera arte ezin izango duela diru ekarpenik egin adierazi die Ondarroako ordezkariei. «Urtarriletik aurrera udalari laguntzeko prest dagoela esan digute; beti ere, Kamiñaldeko lanak ordaintzea udalaren konpetentzia dela gogoan izanda».
Kamiñaldeko mendi magalaren inguruan beharrean ari den lantaldeko hiru erakundeek, bestalde, elkarlanean jarraitzeko asmoa agertu dute, eta hurrengo batzarrerako hitzordua ere ezarri dute. Hurrengo bilera azaroaren 30ean egingo da, Ondarroan.