1980. urtean Korrika sortu zutenak omenduko ditu 20. Korrikak
Martxoaren 30ean Otxandion hasi eta apirilaren 9an Iruñean amaituko da. 'Batzuk' lelopean, hizkuntza, kultura eta mundu batzuk irudikatuko ditu 2017ko ekimenakDatorren urteko martxoaren 30ean Otxandion hasi, eta apirilaren 9an Iruñean amaituko da 20....
Martxoaren 30ean Otxandion hasi eta apirilaren 9an Iruñean amaituko da. ‘Batzuk’ lelopean, hizkuntza, kultura eta mundu batzuk irudikatuko ditu 2017ko ekimenak
Datorren urteko martxoaren 30ean Otxandion hasi, eta apirilaren 9an Iruñean amaituko da 20. Korrika. Euskal herritarrek Batzuk lelopean egingo dute arineketan. Hizkuntza, kultura eta mundu batzuk irudikatu nahi dituzte AEK-ko kideek.
Hain zuzen ere, bat eta zuk berben arteko jolasa eginez sortu dute leloa, herritarrak euskarara gonbidatzeko. Hau da, hizkuntzen eta hiztunen berdintasunaren aldeko jaira gonbidatzeko.
«Hizkuntza, kultura, mundu ‘bat’ sendotzeko bidean, ‘zuk’ ere bat egin dezakezu, zeuretik, zeure hizkuntza-aberastasuna eta kultur aniztasun unibertsala bizi ditzazun: ikasiz, erabiliz, ahalbidetuz», azaldu du Asier Amondo Korrikaren arduradunak.
Aldi borobila da datorren urtekoa, eta 1980. urtean Korrika sortu zutenak izango dituzte gogoan. Lehendabiziko Korrikak Zuk ere esan bai euskarari leloa eduki zuen, eta Oñatiko Unibertsitatetik abiatu eta Bilbon amaitu zen. Parte hartu zutenen artean zeuden Joxemiel Barandiaran eta Telesforo Monzon, Jon Castañares eta Francisco Letamendia politiko abertzaleak.
Ordutik, euskalgintzaren, euskal kulturaren eta euskararen «erreferentzia bihurtu» dela adierazi du Amondok.
Korrika batu egiten duen ekimena dela nabarmendu du, eta hori islatu asmoz, irudi koloretsua erabiliko dute 20. aldian.
Aurkezpena San Telmon
Donostiako San Telmo museoan egin zuten atzo AEK eta Korrikaren arduradunek 20. Korrika aukezteko agerraldia. Ez da kasualitatea ekitaldia han egitea. Izan ere, San Telmon bertan gordetzen da Korrikaren jatorrizko lekukoa, Remigio Mendiburuk sortutakoa.
Atzoko aurkezpenean Mertxe Mugika AEKren koordinatzaile nagusiak esan zuenez, aurreko Korrika amaitu zenetik euskaraz bizitzeko hautua «irmoago» dago euskal gizartean.
Haren berbetan, euskararen normalizaziorako ezinbestekoa da helduen espazioek ere euskaraz funtzionatzea: «Horretan da AEKren urteotako zeregin nagusia. Dena den, oraindik ere euskaltegiei zuzendutako baliabideak ez nahikoak dira».